Lagrango Udalak mozio bat onartu du gaur egindako osoko bilkuran, "Toki Erakundeen finantzaketa eredua eguneratzeko beharra adieraziz eta Arabako Batzar Nagusiei Toki Erakundeen Finantzaketa Funtserako dituen baliabideen ehunekoa handitzeko eskatuz". Ekimen honen helburua da "Arabako kontzeju, udal eta kuadrillen finantzaketa ahalik eta bidezkoena, nahikoa eta beharrezkoena izango dela bermatzea, gizartearen egungo erronka handiei erantzun ahal izateko".
Testuan, Arabako Foru Aldundiari eskatzen zaio sei hilabeteko epean aurkez dezala FOFELen Foru Araua aldatzeko proposamen bat, 2018an garatu zen ponentziaren ondorioetan oinarrituta. Horrez gain, eguneratze-prozesu horretan toki-erakundeak kontuan hartzea eskatzen da, eta, horretarako, Euskal Autonomia Erkidegoko erakunde-mailen eskumen propioen eta finantzaketaren azterketa orokorrari buruzko dokumentua berrikustea.
Urtzi Gaintzarain Lagrango alkateak gogorarazi duenez, azken hamarkada hauetan, onartutako legeen bitartez, toki entitateek "gizarte behar berrietatik sortutako zerbitzu eta eskumenak hartu ditugu". Hala ere, Arabako toki-erakundeen finantzaketa arautzen duen araua ez da eguneratu 27 urtean. "Gizartearen digitalizazioak, trantsizio ekosoziala, erronka demografikoak eta zaintza-beharrek, adibidez, finantzaketa-tresnak eta -sistemak eguneratzea eskatzen dute ezinbestean", nabarmendu du Gaintzarainek.