Arabako Mahastiak/Viñedos de Álava Jatorrizko Deituraren epaiari buruzko galdera sorta aurkeztu dio EH Bilduk Europako Batzordeari. Hala egin du Justizia Auzitegi Nagusiak Errioxa Jatorri Deitura Nagusiak jatorri-deitura berriari argi berdea emateko Eusko Jaurlaritzak hartutako erabakiaren aurka jarritako errekurtsoa onartu duela jakin ondoren, Arabako ardoak bereizteko beste ahalegin batean.
Pernando Barrena eurodiputatuak gogorarazi duenez, «mahastizaintzako eta ardogintzako jatorri-deiturak Europar Batasunaren eskumen osoa dira, eta, beraz, Europak auzia zein legeriatan oinarrituta ebatzi behar du».
EH Bilduren ustez, 2013tik Europako araudi bat dagoenez, ezin da izan Espainiako epaitegiek auzi hau 2011ko Espainiako zuzenbideko araudi batean oinarrituta ebaztea, Europako araudian jasotzen dena alde batera utzita.
Hori dela eta, EH Bilduk galdera sorta bat erregistratu dio Europako Batzordeari, BJD berriaren sustatzaileei 2022an aurkeztutako eskaera artxibatu ez dadin eskubidea bermatzeko Batzordeak berak har ditzakeen neurriak ezagutzeko.
Izan ere, Barrenak nabarmendu duenez, Errioxa JDK "aspalditik ari da" Arabako Mahastiak/Viñedos de Álava "BJDa aitortzearen aurka," Errioxa "JDK babesteko ez, baizik eta Arabako mahastizainen ekimenak porrot egiteko". "Gure ustez, jarduera hori lehia askea oztopatzen, murrizten eta desitxuratzen duen jardueratzat har daiteke, Espainiako mahastizaintza eta ardogintza merkatuan nagusitasun posizioari eusteko", nabarmendu du Barrenak.