AKTUALITATEA


| 2026-05-26 10:09:00

EH Bilduren ekimenez, aztarnategia erreferente bihurtzeko lanak antolatzeko plan zuzentzailea urtebeteko epean egiteko mozioa onartu zuten talde guztiek

Araba. 2026-05-26 | Iruña-Veleiako aztarnategirako Plan Zuzentzailea aurkez dezala eskatzeko mozioa aurkeztu zuen iaz EH Bildu Araba batzarkide taldeak, eta talde guztien babesarekin atera zen aurrera Batzar Nagusietako Osoko Bilkuran. Urtebete igarota, EH BIlduk Kultura diputatuaren agerraldia eskatu du, oraindik ez baita plan horren berririk.

Xabier Valdor EH Bildu Arabako batzarkideak adierazi duenez, «Gobernuak maiatzean aurkezteko konpromisoa hartu bazuen ere, Kultura eta Kirola batzordea igaro da eta Plan Zuzentzailearen berririk ez daukagu. Talde honentzat ezinbestekoa da horrelako planifikazio bat izatea, datorren hamarkadan egin beharreko ekintza guztiak diseinatzeko eta ibilbide-orri argi bat izateko».

Valdorrek balioan jarri nahi izan du aztarnategia, duen garrantziagatik: «Ehunka dira bertan aurkitutako arrastoak, antzinako Arabaren testuingurua kokatzen eta ulertzen laguntzen digutenak. Are gehiago, azken informazioek diote erromatar zirku bat ere badagoela». Aurkikuntza esanguratsu horiek aintzat hartuta, EH Bilduk Iruña-Veleia «Euskal Herriko Antzinaroko aztarnategi erreferentea» bihurtzea du helburu, ikerketa, kontserbazioa, dokumentazioa eta zabalkundea uztartuz. «Azken batean, aztarnategia bere potentzialtasun guztiarekin eta herritar guztientzat berreskuratzeko helburua bete nahi dugu».

Horregatik, EH Bilduk Plan Zuzentzailea beharrezkoa dela uste du, «gehiago ezagutzeko, beharrezkoa delako egin nahi den bidea zein den argi izatea», adierazi du Valdorrek. «Ezin dugu azken urte hauetan bezala edonolako erabakiak hartzen jarraitu».

«Tamalez, Arabako Foru Aldundiak beste behin ere hitzartutakoa ez betetzeak, ondorio kaltegarriak izango ditu gure herrialderako. Izan ere, asmoa zen, behin norabide estrategikoa argi izanda, uda hau baliatzea lehen indusketak egin eta berriro ere Iruña-Veleiako aztarnategia jakintza iturri gisa martxan jartzea», esan du Xabier Valdorrek.