AKTUALITATEA


| 2023-11-08 10:02:00

Iruraiz Gaunako osoko bilkurak onartu zuen atzo hileta eta omenaldi zibilen antolaketa arautzen duen ordenantza. Horrela, hemendik aurrera, udalerriko bizilagunek gune bat izango dute ekitaldi eta agur horiek egin ahal izateko. Azilun dagoen Lanturri zentro soziokulturala izango da aukeratutako lekua, hain zuzen.


Iratxe del Barco Iruraiz-Gaunako alkateak azpimarratu du ordenantza honekin udalerrian dagoen eskari bati erantzun nahi zaiola. "Uste dugu gure eginbeharra dela gure herritarren erlijio, ideologia eta kultu askatasuna bermatzea, gure udalerriko edozein pertsonak horrelako omenaldi edo agur bat egin dezan beste udalerri batera joan beharrik izan gabe", azaldu du del Barcok.


Atzo onartutako ordenantzaren arabera, ezin da omenaldia egon gorpua bertan dela. Nolanahi ere,  errauts kutxa edo anforekin egin ahal izango dira. Astelehenetik igandera 9: 00etatik 20: 00etara egiteko aukera egongo da. Ekitaldiak ezingo du bi ordu baino gehiago iraun, eta 10 euroko tasa ordaindu beharko da ordu bakoitzeko. Gainera, Udalak eskatzailearen eskura jarriko ditu megafonia, pantaila eta proiektagailuko oinarrizko sistema bat, beti ere posiblea bada eta 100 euroko fidantza ordaindu ondoren.