AKTUALITATEA


| 2025-06-30 08:54:00

Langileek salatu dutenez, enplegua suntsitzen ari da Foru Aldundia, eta 2019tik luzapenean dute lan hitzarmena

Araba. 2025-06-30 | EH Bildu Araba batzarkide taldeak Kultura eta Kiroleko foru diputatuaren agerraldia eskatu du, Gazteriaren Foru Erakundean langileek salatutako murrizketak direla-eta azalpenak eman ditzan.

EH Bilduk adierazi duenez, «ekainaren 9an, Arabako Gazteriaren Foru Erakundeko langileek mobilizazioak abiarazi zituzten euren egoera eta zerbitzuan ematen ari diren murrizketak salatzeko. Egoera honen aurrean eta gatazka hau konpontze aldera sailak zer neurri hartuko dituen jakin nahi dugu».

Langileen arabera, Foru Aldundia enplegua suntsitzen ari da Gazteriaren Foru Erakundean eta, horrekin batera, hainbat programatan inbertsioak murriztu dituzte, gazteenei zuzendutako programetarako plaza gutxiago eskainiz. Gainera, hitzarmen kolektiboa luzatuta dute 2019tik, «hurbileko errealitatetik eta ziurrenik legezkotasunetik oso beherako baldintzekin», LAB sindikatuaren esanetan.

Egoera horren aurrean, langileek greba eguna deitu dute datorren uztailaren 1erako, Udalekuak eta GazteBidaiak programak hasten dien egunarekin bat eginez.