AKTUALITATEA


| 2025-01-22 09:37:00

Etxebizitza, gizarte politikak eta ingurumena dira akordioaren ardatz nagusiak, baina tokiko merkataritzarako eta euskararen sustapenerako partidak ere adostu dituzte

Iruña Oka. 2025-01-22 | Iruña Okako EH Bildu eta PSE udal taldeek 2025eko aurrekontuak aurrera ateratzeko akordioa izenpetu dute gaur. Hirugarren aldia da bi udal taldeek aurrekontu akordioa sinatzen dutela, bi taldeen arteko sintonia onaren adierazle.

Iruña Okako EH Bilduko bozeramaile Davide di Paolak aurrekontu akordio ona dela esan du, etorkizunerako oinarriak ezartzen dituelako: «Akordio honen bidez, Iruña Oka funtsezko tresna ekonomiko batez hornitu nahi izan dugu, datozen urteetako erronka handiei arrakastaz aurre egiteko, gizarte-kohesiorako eta udalaren modernizaziorako funtsezko zutabeak ezarrita».

Akordioak milioi euro bat baino gehiagoko balioa du diru-partidak eta konpromiso-kredituak barne hartuta, eta etxebizitza, gizarte politikak eta ingurumena ditu ardatz nagusi gisa, baina bestelako partida batzuek eskararen sustapena edota hurbileko merkataritza eta ostalaritza bultzatzea dute helburu.

Etxebizitzan, ehun mila euroko partida hitzartu dute etxebizitza babestuak eraikitzeko zorua erosteko, baita bestelako partida txikiagoak ere etxebizitzak birgaitzeko. Hirigintza-arauak aldatzeko aukera ere hitzartu dute etxe zahar edota baserriak etxebizitza bihurtu ahal izateko.

Gizarte politiketan, hainbat dira adostutako partidak: errota zaharra gizarte zerbitzuetako baliabideak kokatzeko ikerketa bat egitea, biolentzia matxista edota haurren aurkakoari arreta emateko laugarren gizarte langile baten kontratazioa edota gizarte-jantokia handitu eta hobetzeko partidak daude horien artean. Errota zaharraren kasuan, 600.000 euroko konpromiso-kreditua adostu dute, datozen urteetan egin beharreko lanetara bideratzeko.

Ingurumenari dagokionez, 50.000 euro bideratuko dituzte gune publikoetan plaka fotovoltaikoak jartzeko, eta 20.000 euroko partida bat erreserbatu dute abeltzaintza eta nekazaritza jasangarria sustatzeko. Udalerrian amiantoaren presentzia kontrolatzeko partida bat ere adostu dute.

Bestelako partida batzuk ere adostu dituzte EH Bilduk eta PSEk, hala nola udalerriko merkataritza eta ostalaritza babesteko 25.000 euro eta beste hainbeste hurbileko merkataritzako azoka arrakastatsua handitu eta finkatzeko. Euskarari dagokionez, hizkuntza sustatzeko partida 16.000 euroraino igo dute 2025. urte honetarako aurrekontu akordioan.