Claudia Venceslao: «5 profesionaleko lantalde batek ezin du lan-karga hori jasan gizarte-zerbitzu guztietan ikuskapenak modu egokian egin ahal izateko. Ez dute esku nahikorik»
Araba. 2025-01-21 | Gizarte Zerbitzuen Erregistro eta Ikuskaritza Zerbitzuko plantilla handitzea eskatzen duen EH Bildu Araba batzarkide taldearen mozioa eztabaidatuko da bihar Arabako Batzar Nagusietan. EH Bilduk irailean erregistratu zuen mozioa, lurraldeko egoitzetan dauden adinekoen senideek egindako kexen berri izan ondoren.
Claudia Venceslao batzarkideak egoitzak ikuskatzeko zerbitzuaren lanari buruz EH Bilduk ateratako ondorioak laburbildu ditu: «Ikuskaritzaren helburu nagusia da erabiltzaileen eskubideen errespetua bermatzea. 2023an 4.462 egoitza-plaza zeuden adinekoentzat bakarrik, eta plaza horiei beste kolektibo batzuk (adingabeak, osasun mentala, gizarte-bazterkeria edo desgaitasuna duten pertsonak) artatzen dituzten gainerako plazak gehitu beharko litzaizkieke, ikuskatze-lana Arabako zentro guztientzat delako».
Egoera horren aurrean, Venceslaok nabarmendu du zerbitzuak bost profesional baino ez dituela, eta horregatik uste du beharrezkoa dela ikuskapen-zerbitzua zabaltzea: «Gogora dezagun zerbitzu garrantzitsu horren plantilla ez dela handitu azken 12 urteetan izandako zerbitzu-igoeraren proportzio berean, adinekoentzako egoitzez gain mota guztietako gizarte-zerbitzuak ikuskatu behar baitituzte kolektibo guztientzat. Hori dela eta, mozio bat aurkeztu dugu, premiaz plantilla handitzeko eskatuz, bai eta profil profesional desberdinak egotea ere, zaintza integrala egin ahal izateko».