Trantsizio Energetikoaren eta Klima Aldaketaren Legean onartutako instalazio berriztagarrien gaineko kanonaren % 50 udalen esku geratzea eskatu du EH Bilduk. Izan ere, aipatutako legeak kanon hori sartzea aurreikusten du, energia berriztagarriko instalazioak ezartzeak ingurune naturalean eta lurraldean eragin ditzakeen inpaktu negatiboak arintzeko. Eta, hain zuzen ere, udalek hartzen dituzte beren gain klima-aldaketaren ondorioak arintzeko neurri gehienak, eta Europako legeriaren % 70 aplikatzen dute arlo horretan. Horrek guztiak gastu publikoaren heren bat eta inbertsio publikoaren bi heren suposatzen ditu.
Hala ere, legearen garapena arautzen duen dekretuak ezarri du Eusko Jaurlaritzak kobratuko duela kanona, eta berak erabakiko duela kanon horrekin egin beharreko inbertsioak zertarako erabiliko diren. EH Bilduk dituen datuen arabera, Elgea, Urkila, Badaia, Oiz eta Bilboko Portuko haize-parkeei eta Ekian parke fotovoltaikoari esker, Eusko Jaurlaritzak urtean 700.000 euro inguru jasotzen ditu kanon horren truke.
Elgea parkeagatik 168.000 kobratzen ditu, beste 159.000 Urkilla parkeagatik eta 144.000 euro gehiago Badaia parkeagatik. Ekian enpresaren kasuan, diru-sarrerak 38.500 eurotik gorakoak dira. Hain zuzen ere, lehenengo bi parke eolikoak (Elgea eta Urkilla) Barrundian eta Donemiliagan daude. Gaur, alkateek adierazi dute erabateko inkongruentzia dagoela udalerriok aldaketaren aurkako borrokan egiten ari garen ahaleginaren, kanonaren helburuaren eta kudeaketaren helburuen artean.
Erika Letamendi Donemiliagako alkateak azaldu duenez, "kanonaren helburua lurraldean kokatutako energia berriztagarrien instalazioek eragindako ingurumen-inpaktu eta -afekzio negatiboak badira, eta horien antolamendua udal-eskumenekoa bada, udalek bildutako diru-sarreren partaide izan beharko lukete". Eta gaineratu du udalak direla instalazio horiek eragindako afekzioak eta inpaktuak zuzenean ezagutzen dituztenak. Horregatik azpimarratzen dute udalek zuzenean parte hartu behar dutela kanonaren xedea betetzeko.
Bestalde, Barrundiako alkate Igor Medinak gogorarazi du Udalak eskuak eta oinak lotuta dituela energia berriztagarria hedatzeko. "Udalaz gaindiko erakundeek bultzatzen eta bermatzen dituzte proiektuak. Eta proiektu horiek gero administratiboki izapidetu behar ditugu. Askotan hitz egin dugu ehun proiektu inguru izapidetzen ari direla, batez ere Araban. Gaur, antolamendu-falta hori salatzeaz gain, alde batera utzi nahi dugu gure udalerria tamainaren arabera baldintzatzen duten instalazio horietatik etekinak lortzeko orduan. Ez dugu parte hartzen instalazio horietatik erator daitezkeen onura ekomikoetan, eta horregatik, gaur ekimen hau aurkeztu nahi dugu ", azaldu du.