AKTUALITATEA


| 2026-05-29 09:58:00

Egun, langa 600.000 euroko zorran dago, eta EH Bilduk 120.000 eurora jaistea proposatu du, Nafarroan bezala

Araba. 2026-05-29 | EH Bildu Araba batzarkide taldeak Foru Arau proposamena aurkeztu du, zordun handien langa 600.000 eurotik 120.000 eurora jaisteko, Nafarroako eredura hurbiltzeko.

Egun zordun handien zerrendan agertzeko ezarritako diru kopurua handi xamarra da, 600.000 €-tik gorako zorra izan behar baitu zergadun batek zordun handi gisa jo eta zerrenda horretan agertzeko. Diru kopuru hori berbera da EAEko hiru Lurralde Historikoetan eta Estatuko Erregimen Komuneko erkidegoetan. Salbuespen bakarra Nafarroa da, diru kopuru hori askoz baxuagoa baita, 120.000 €-koa hain zuzen.

EH Bilduk begi onez ikusten du kopuru hori jaitsi izana, eta Nafarroakoa erabakia «ausart eta berritzaile» gisa kalifikatu du. «Nafarroan hartutako erabaki horren zio nagusien artean honakoak aipatu ditzakegu: disuasio eragin handiagoa izatea zordunengan eta zordun horien zorrak esponentzialki haztea ekiditea, 600.000 €-ko langa horretaraino iritsi ez daitezen, beti zailagoa izango baita halako zor handi bat kentzea txikiago bat ordaintzea baino», adierazi du Eva Lopez de Arroyabe EH Bildu Arabaren bozeramaileak.

Lopez de Arroyabek nabarmendu du fiskalitatea dela ongizatearen zutabea, eta beharrezkotzat jo du herritar guztien ekarpena balioestea: «Foru Arau honi esker, herritar guztiok gizartearekiko daukagun konpromiso zibikoa azpimarratu nahi da, guztion esfortzu fiskalari esker bakar-bakarrik posible delako gastu eta inbertsio publikoei aurre egitea, eta ondorioz kalitatezko zerbitzu publikoak, justizia soziala eta instituzioen gihar ekonomikoa ziurtatzea».

Bozeramaileak esan du Nafarroan erabaki horren alde egin zuela EH Bilduk eta, beraz, aldekotasun horrekiko koherentziaz egin dutela langa jaisteko proposamena. Horrez gain, Arabarako egin duten proposamena Bizkaira eta Gipuzkoara ere erraz zabaldu daitekeela uste du EH Bilduk, modu horretan Hego Euskal Herriaren harmonizazio fiskalari erantzuteko.