AKTUALITATEA


| 2026-05-31 10:25:00

Obra txikien arauak aukera ematen du toki-erakundeek egin beharreko lan txikiei erantzun azkarragoa emateko

Araba. 29-05-31 | Gaur Urizaharran egindako Lur Jareetako ezohiko osoko bilkurak argi berdea eman dio EH Bilduren ekimen bati, zeinaren bidez Obra Txikiei buruzko Foru Araua aldatuko den. Horrela, EH Bilduren ekimenari esker, hemendik aurrera jarduera horien dirulaguntza muga 40.000 eurokoa izango da, eta dirulaguntza jaso dezaketen lanak Obra eta Zerbitzuen Foru Planekoekin parekatuko dira. Gainera, biztanle-gune bat baino gehiago dituzten entitateetan ere eragin positiboa izango du, herri bakoitzeko obra bakar baten muga ezabatuko baita.

Eva Lopez de Arroyabe EH Bilduren Arabako Batzar Nagusietako bozeramailea pozik agertu da onarpen horrekin, «lurraldeko toki erakunde guztientzat eragin positibo berezia duen ekimena baita». «EH Bilduren ekimenari esker, hiru hobekuntza oso garrantzitsu lortu dira Obra Txikietarako laguntzetan, toki entitateek orain arte egin ezin zituzten proiektuak eta obrak egin ahal izan ditzaten», nabarmendu du.

Obra Txikien Programa 2008an sortu zen, Arabako Foru Aldundiaren eta lurraldeko toki-erakundeen arteko lankidetza sustatzeko eta herriek behin eta berriz egiten duten eskaerari erantzuteko. «17 urte igaro ondoren, EH Bildun uste dugu Araua aldatzeko unea dela, programaren hasierako filosofia galdu gabe, diruz lagundu daitekeen gehieneko zenbatekoa eta diruz lagundu daitezkeen obren tipologia eguneratzeko». «Herrientzako obra txikien dirulaguntzarik gabe, ezinezkoa da dauden beharrei erantzutea eta are gutxiago herrien bizi-kalitatea hobetzeko oinarrizko eta beharrezko obra askori ekitea. Arabako lurralde-orekarako funtsezko tresna da», Lopez de Arroyaberen arabera.

Baina bozeramailea ere kritiko agertu da Foru Gobernuarekin, «albiste on horiek gorabehera, maiatzaren 29an korrika eta presaka argitaratu baitzuen aurtengo toki-erakundeetan obra txikiak egiteko laguntza-ildoaren deialdia, gaur onartu duguna 2028ra arte, hau da, hauteskundeak igaro arte, aplika ez dadin». «Tristea da Foru Gobernu honen jarrera; izan ere, EH Bilduren politikek jendearen bizi-baldintzak hobetzen dituztela eta beste eredu bat dagoela ikusten denean, beste alde batera begiratzen du eta ezer ez egiten tematzen da, arabarrei kalte eginez», ondorioztatu du Eva Lopez de Arroyabek.