AKTUALITATEA


| 2025-07-02 14:34:00

Euskara diputatuari zuzendutako galderak egin dituzte Osoko Bilkuran, baina Kultura diputatuak erantzun ditu azkenean

Araba. 2025-07-02 | EH Bildu Araba batzarkide taldeak Ignacio Aldekoa kultur etxeak Gasteiztik kanpo egiten duen eskaintzan euskarak duen presentzia eskasa salatu du gaur.

Ignacio Aldekoa kultur etxea Gasteizen badago ere, hainbat jarduera antolatzen ditu urtean zehar Arabako herrietan. Kultur eskaintza horren hizkuntza tipologiari buruzko galderak egin zituen EH Bildu Araba batzarkide taldeak, eta «jasotakoa negar egiteko modukoa zen», Estitxu Martinez de Iturrate batzarkidearen esanetan.

Kultura Sailak emandako eta Martinez de Iturratek aletutako datuen arabera, 2023ko ekainetik honako tartean 418 jardueratatik 10 baino ez ziren eskaini euskaraz, eta horiek guztiak Arabako eskualde bakarrean eskaini zirela, Gorbeialdean, alegia. Areago, eskainitako 10 jarduera horietatik, 5 baino ez ziren euskaraz egin azkenean.

Martinez de Iturratek esan duenez, «Ignacio Aldekoa kultur etxea Kultura Diputatuaren menpekoa izanda ere, uste dugu hizkuntza politikari eta euskararen erabilerari eta, beraz, euskarazko eskaintzari, merezi duen transbertsaltasuna eman behar zaiola, eta hori bai dela Euskara Diputatuaren ardura. Bestela, pentsa dezakegu Gobernu honek ez duela koordinaziorik, eta sail bakoitzak berea egiten duela, gainerakoek egiten dutenari erreparatu gabe».

«AFAk bultzada eta inplikazio zuzena behar du euskaldunon hizkuntza eskubideak bermatuak izateko. Ez du balio dagoenarekin konformatzea. Tamalez, diputazio honetan euskarak ez dauka zeharkakotasunik, eta horregatik ikusten ditugu horrelako egoerak. Proiektu argi bat ez dagoen heinean ikusi ahal dugu sail batzuetan euskarari ez zaiola beharrezkoa duen zentralitatea ematen, eta hori gertatzen da bi alderdien arteko politika linguistiko koherenterik ez dagoelako», amaitu du Estitxu Martinez de Iturratek.