EH Bilduko Batzarkide Taldeak Arabako Foru Aldundiari Oionen AlavaBusen gutxienez egunean lau maiztasun eskaintzea eskatu dio Arabako Foru Aldundiari. Izan ere, azken aldaketen ondorioz, gaur gaurkoz, Arabar Errioxako herririk populatuenak joan etorri zerbitzu bakarra du Logroñotik Gasteizera doan L9 linean. Horren ordez, eta beti ere bestelako baliabideak erabiliz, Mugikortasun Jasangarria eta Bide Azpiegituren Sailak Logroñora edota Biasterira joatea eskaintzen die Oingo herritarrei.
Baina Oiongo alkateak berak salatu duenez soluzio horrek ez du inondik inora asetzen herritarren beharrak. Horrela azaldu zuen martxoaren 16an Mugikortasun Jasangarriaren eta Bide Azpiegituraren batzordean. Eta horrela salatu du ere bai Oiongo Osoko Bilkurak pasa den urteko azaroaren 12an. Bertan, eskaera zehatzak egiten zituen Oiongo Udalbatzak.
Orain, EH Bilduk eskaera horiek jaso ditu Arabako Batzar Nagusietan eztabaidatuko den mozio batean. “Oionetik planteatzen diren eskaerak guztiz onargarriak dira. Hori dela eta, uste dugu 2026-2027 ikasturtea hastearekin batera maiztasunak 1etik 4ra pasatu daitezen, Foru Sailak egin beharreko aldaketa abian jarri behar ditu, flota ere egokitzearekin batera inor lurrean geratu ez dadin autobusa txikiegia izateagatik”, azaldu du Eva Lopez de Arroyabek.
Arabako Bartzarkide Taldeko bozeramaileak gogoratu duenez, mugikortasuna eskubide gisa ulertu behar da eta herrialde kohesionatu bat lortzeko helburuan ezinbestekoa da. “Ukaezina da garraio publikoa ezinbestekoa dela eskubide diren beste zerbitzu batzuk (osasuna, hezkuntza, zerbitzu sozialak …) duintasunez jaso ahal izateko. Baina ez hori bakarrik, larrialdi klimatikoari aurre egiteko garraio publikoa sustatu eta ibilgailu partikularra alboratzeko estrategiak eta aukerak biderkatu behar ditugu administrazio publikotik. Tamalez, Oion bezalako herri batean, zeina Arabar Errioxako herririk populatuena den eta Eustaten datuen arabera herrialdeko laugarren herririk populatuena den, ez dauka zentzurik AlavaBusek hiriburuarekin lotzen duen maiztasun bakarra izateak”, gaineratu du Lopez de Arroyabek.