Egun indarrean dagoen Herri Ekimen Araugilearen araua 1986koa da, eta EH Bilduk egindako proposamenean eskatu du, besteak beste, aurkeztu ahal izateko sinadura kopurua gutxitzea edota tresna telematikoak erabiltzea
Araba. 2025-02-20 | EH Bildu Araba batzarkide taldeak Herri Ekimen Araugilearen foru arau berria osatu eta, gobernuak gai honetan erakutsitako “paralisiaren” aurrean, bere proposamena Batzar Nagusietan eztabaidatzeko aukera erroldatu du. Izan ere, indarrean dagoen foru araua 1986koa da, eta EH Bilduren ustez, «40 urteotan izandako aldaketak aintzat hartu behar dira aldaketak egiteko».
Eva Lopez de Arroyabe EH Bildu Araba batzarkide taldearen bozeramaileak herritarren parte-hartze politikoan jarri du arreta: «Euskal Herria Bildurentzat, herritarrek politikan parte hartzea eta ahotsa izatea izan da azken boladako kezka nagusietako bat. Izan ere, gero eta zabalduago dagoen desafekzio politikoak nahi ez ditugun eszenatokietara eraman ahal gaitu eta, beraz, herritarrak politikara eta instituzioetara hurbiltzea bada gure indar politikoak duen helburuetako bat».
Parte-hartze hori bermatzeko, Herri Ekimen Araugilea da Arabako Batzar Nagusiek duten mekanismoa: herritarrei aukera ematen die Batzar Nagusietan Foru Arau proposamen bat aurkezteko, gerora eztabaidatu eta ordezkari politikoek bozkatuko dutena. Mekanismo hori, baina, bi aldiz baino ez da erabili 1986tik, eta bietan Amarica aretoa ixtea saihesteko: «Datu honek hausnarketarako tartea eman beharko liguke», esan du Lopez de Arroyabek.
Tresna telematikoak
Hala, EH Bildu Araba batzarkide taldeak hainbat aldaketa proposatu ditu erregistratu duen Foru Arau proposamenean, Herri Ekimen Araugilea arautzen duen normatiba egungo garaietara egokitzeko. Horien artean, aurkeztu ahal izateko sinadura kopurua 1.200ekoa izatea proposatu du, egun eskatzen diran ia 5.000ren aldean, inguruko erakundeetan eskatzen den kopurura hurbiltzeko.
Parte-hartzea sustatzea helburu izanik, EH Bilduk proposatu du parte-hartzaileen adina 16 urtera jaistea, baita Batzorde Sustatzaileko kideen artean emakume eta gizonen presentzia orekatua izatea eta etorkinek parte hartzeko mekanismoak txertatzea ere. Arabarrek zergei buruzko Foru Arau proposamenak aurkezteko aukera izatea ere eskatu du EH Bilduk.
Azkenik, gastuak ordaintzeko zenbatekoa eguneratu eta handitzeaz gain, EH Bilduk proposatu du administrazioak tresna telematikoak jartzea ekimena gauzatzen ari diren pertsonen eskura, sinadurak online ere jaso ahal izateko. «Izan ere, ezinezkoa da gaur egun herritarren parte-hartzeaz hitz egitea teknologia berriek eskaintzen dizkiguten aukerak kontuan hartu gabe», esan du Eva Lopez de Arroyabek.