AKTUALITATEA


| 2026-06-08 10:13:00

Laudioko Goikoplaza esparruko Zumalakarregi etorbideko 55. eta 57. zenbakietan Visesak sustatutako alokairurako babes ofizialeko 64 etxebizitza eraikitzeko lanak astelehen honetan hasi dira ofizialki. Horrela, Eusko Jaurlaritzak Arabako udalerriko eremu horretan eraikiko dituen alokairurako 93 etxebizitza babestuen lehen fasea osatzen duen sustapen baten lehen harria jarri da.

Ekitaldian Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburu Denis Itxasok eta Laudioko alkate Ainize Gastakak hartu dute parte, Gizarte Kohesiorako zinegotzi Carmen Altuna eta Visesako zuzendari nagusi Carlos Quindós aldamenean zituztela. Era berean, proiektua idatzi duen taldeko—DG Arquitectura Habitable SCP— eta eraikuntza-enpresako—Construcciones Olabarri SL— ordezkariak bertan izan dira, jarduketaren garapenarekin lotuta dauden teknikari eta arduradun instituzionalekin batera.

Gaur bisitatutako sustapenak alokairurako babes ofizialeko 64 etxebizitza eraikitzea aurreikusten du. Etxebizitza horiek Alokabidek kudeatuko ditu obrak amaitutakoan. Jarduketa burutzeko 9,5 milioi euro inguruko inbertsioa egingo da, eta 2029. urtearen hasieran Goikoplazan alokairurako 93 etxebizitza babestu berri sartzea ahalbidetuko duen estrategia zabalago baten parte da.

Laudioko alkate Ainize Gastakak azpimarratu du eskura dauden tresna guztiak erakundeen eskuetan jarri behar direla, etxebizitza-larrialdiko egoera konpontzeko. Ildo horretan, bere herriak gai honekin duen konpromisoa nabarmendu du, eta Udalak dituen tresna guztiak aktibatu direla gogorarazi du, hala nola, etxebizitza hutsak mugiarazteko neurri fiskalak edo lurzorua lagatzea, kasu honetan, Eusko Jaurlaritzari, etxebizitza sozialak sustatzeko. “Guztion konpromisoa, erakundeen arteko lankidetza eta erantzukizun partekatua eskatzen dugu, soluzioak erakundeen arteko lankidetza eskatzen baitu”, adierazi du Gastakak.

Etxebizitzari dagokionez, Udalak udalerrian etxebizitza-eskaintza handitzen lagunduko duten proiektu estrategikoetan aurrera egiten jarraitzeko asmo sendoa du. HAPO berrikustea edo garai batean Lipmesa zegoen lurretan aurreikusitako hirigintza-garapena bezalako ekimenak aukera garrantzitsuak dira Laudioren etorkizunerako, eta horiek bultzatzeko akordio instituzional zabalak behar dira. Horregatik, udala elkarrizketaren, lankidetzaren eta adostasunak topatzearen bidez lanean ari da, proiektu horiek gauzatzeko eta herritarren etxebizitza-beharrei erantzuna ematen jarraitzeko.

 “Irmoki uste dugu etxebizitzak eskubidea izan behar duela eta ez negozioa. Horregatik, eskatzen dugu Euskal Autonomia Erkidego osoa eremu tentsionatu izendatzea, hutsik dauden etxebizitzak mobilizatzea eta, espekulazioaren aurrean, gure udalerrietan bizitzeko eskubidea lehenestea. Ezin da izan etxebizitza hutsak dauden bitartean emantzipatu ezin diren gazteak egotea. Etxebizitza ezin da luxua izan”, gaineratu du.

Laudioko alokairuko etxebizitza babestuen parke publikoa handitzeko espero ziren obren hasiera materiala sinbolizatu du ekitaldiak. Alkateak eta sailburuak komunikabideen aurrean egindako adierazpen instituzionalen ondoren eta Visesako zuzendaritza teknikoak sustapenaren azalpen teknikoa eman ondoren, lehen harria jartzeko protokolo-ekitaldia egin da.

Ainize Gastaka alkateak gaurko egunkarien bi ale sartu ditu kutxa batean, sustapenaren hasiera-data jasota uzteko. Ondoren, Denis Itxaso sailburuak zuinketa-akta sartu du kutxa berean, proiektuaren planoekin batera. Azkenik, alkateak giltza sinboliko batzuk sartu ditu, etxebizitza horietan biziko diren esleipendunak ordezkatzeko. Kutxaren edukia osatu ondoren, Gastakak eta Itxasok, Visesako zuzendari nagusi Carlos Quindosekin batera, kutxa hori eraikuntza-lanak jada hasi diren lursailean lurperatu dute.

Jarduketa estrategikoa

Sustapena Goikoplaza esparruko lur baten gainean eraikiko da. Lur hori doan eta kargarik gabe laga dio Laudioko Udalak Eusko Jaurlaritzari, bi erakundeen artean sinatutako lankidetza-hitzarmenari jarraikiz. Akordioaren arabera, bi lursail doan lagako dira etxebizitza babestua eraikitzeko, eta, horrez gain, Udalak hiru etxebizitza salbuestea proposatu ahal izango du, hirigintza-jarduketek eragindako pertsonei eta/edo behar bereziak dituztenei esleitzeko. Era berean, Eusko Jaurlaritzak konpromisoa hartzen du alokairuko babes ofizialeko 64 etxebizitzak eraikiko diren partzelan egokitzen diren lokalak doan lagatzeko Udalari, zuzkidura sozialetarako erabiltzeko.

Itxasok balioa eman dio jarduketa hori ahalbidetu duen erakundeen arteko lankidetzari. “Administrazioen arteko baterako lana da etxebizitza babestuen eraikuntza bizkortzeko tresnarik onena. Udalak lurzoru horiek doan lagatzeak erakusten du denok norabide berean arraun egiten dugunean gai garela herritarrei soluzio eraginkorrak eskaintzeko ”, adierazi du. Sailburuak gaineratu duenez, “badakigu Euskal Autonomia Erkidegoak alokairuko etxebizitza babestu gehiago behar dituela, eta horrelako jarduketek aukera ematen digute parke publiko bat handitzen jarraitzeko, milaka familiarentzako benetako segurtasun-sare bihurtu behar den parkea”.

Zerga-arloan, udal-ordenantzak etxebizitza babestuen sustapenetarako % 2ko kuota ezartzen du Eraikuntzen, Instalazioen eta Obren gaineko Zerga (EIOZ) gisa, eta % 95erainoko hobaria aurreikusten du arrazoi sozialengatik interes bereziko edo udal-erabilerako deklaratutako jarduketetarako, eta Visesak inguruabar hori aplikatzeko eskatuko du.

Sustapenak sotoko bi solairu, beheko solairua eta zortzi solairu izango dituen eraikin bat eraikitzea aurreikusten du, komunikazio bertikaleko bi gunerekin eta sarbide libreko arkupedun espazio zabal batekin. Bizitegi-programa honela osatuko da:

  • Logela bateko 16 etxebizitza.
  • Bi logelako 43 etxebizitza, horietatik hiru mugikortasun urriko pertsonentzat egokituak egongo dira.
  • Hiru logelako 5 etxebizitza.

Etxebizitzak solairu bakoitzeko zortzi unitatetan banatuko dira, eta bizikletentzako, haurren kotxetxoentzako, ibilgailu egokituentzako eta beste zerbitzu komunitario batzuetarako espazioekin osatuko dira. Jarduketa diseinatzeko, kontuan hartu dira bai ingurunearen hirigintza-ezaugarriak, bai San Juan errekaren hurbiltasunaren ondorioz kontuan hartu beharreko baldintzak. Horregatik, eraikina plataforma altu baten gainean finkatuko da, uholdeen aurrean segurtasuna bermatzeko eta inguruko espazio publikoekin behar bezala integratzeko.

Arkitekturaren ikuspegitik, proposamenaren helburua da argi naturalaren aprobetxamendua eta neguko eguzkitzea maximizatzea, etxebizitzak behar bezala orientatuta; terrazek, berriz, hilabete beroenetan eguzkiaren eragina murrizten lagunduko dute.

Sustapenak eraikuntza-soluzio industrializatuak izango ditu, bai fatxadetan, bai bainugeletan, eta horrek eraikuntza-prozesuaren efizientzia hobetzen lagunduko du. Hormetan eta pilareetan hormigoi armatuzko plaka albeolarreko forjatuek osatuko dute egitura; fatxadetan, berriz, aluminiozko estaldurak, kanpoko isolamendu termikoko sistemak eta harri-ilea konbinatuko dira, eraikinaren jokabide energetikoa hobetzeko. Etxebizitzek berogailua izango dute erradiadore elektrikoen bidez, ur bero sanitarioa termo indibidualen bidez eta energia berriztagarria sortuko dute panel fotovoltaikoen bidez.

 “Etxebizitza gehiago eraiki nahi ditugu, baina baita hobeto eraiki ere. Sustapen honek efizientzia energetikoko, jasangarritasuneko eta industrializazioko irizpideak jasotzen ditu, mantentze-kostuak murrizten eta etorkizuneko egoiliarren erosotasuna hobetzen laguntzen dutenak”, aitortu du sailburuak.

Udalerrian dagoen gero eta eskaera handiagoari erantzutea

Goikoplazako sustapenak abian jartzeak garrantzi berezia du udalerrian gaur egun dagoen etxebizitza babestuaren eskaera kontuan hartzen badugu. 2026ko ekainaren 1ean, Etxebidek etxebizitza babestuaren eskariari lotutako 873 bizikidetza-unitate erregistratuta zituen Laudion. Horietatik 722k ( % 82,7k) alokairuko etxebizitza eskatzen dute, udalerrian erroldatutako 545 bizikidetza-unitateak barne hartuta.

Goikoplazan eraikiko diren alokairuko erregimen orokorreko babes ofizialeko etxebizitzen kasuan, etxebizitza horiek eskuratzeko eskatzen diren diru-sarrerak 9.000 eta 46.463,29 euro bitartekoak dira urtean. Gaur egun, Etxebiden izena emanda dauden 416 bizikidetza-unitatek betetzen dituzte baldintza ekonomiko horiek.

Eskari handiena duten kolektiboen artean 36 urtetik beherakoak nabarmentzen dira. Laudion alokairuko etxebizitza babestua eskatzen duten 722 bizikidetza-unitateetatik 221 adin horretatik beherakoei dagozkie. Ondorioz, “Goikoplazan aurreikusitako 93 etxebizitzei esker, bost eskatzailetik batek erantzun potentzial baliokidea jaso ahal izango du, hau da, lehentasunezko kolektibo horren % 20k”, iragarri du Itxasok. “Etxebizitza euskal gazteen kezka nagusietako bat bihurtu da. Gure konpromisoa da emantzipatzeko aukera gehiago eskaintzea, alokairu babestu, egonkor eta eskuragarrien bidez ”, azaldu du.

Etxebizitzak Etxebidek alokairuko etxebizitza babestuetarako ezarritako irizpide eta kupoen arabera esleituko dira, eta erreserba espezifikoak aurreikusi dira lehentasunezko kolektiboentzat, hala nola 36 urtetik beherako gazteentzat (% 50), desgaitasuna duten pertsonentzat, etxebizitza-premia berezia duten bizikidetza-unitateentzat eta kupo orokorrarentzat.

Hurrengo sustapena: 29 etxebizitza babestu Goikoplaza 10ean

Gaur hasitako jarduketak jarraipena izango du datozen hilabeteetan, Goikoplaza kaleko 10. zenbakian dagoen partzelan eraikiko den alokairurako babes ofizialeko 29 etxebizitzez osatutako bigarren sustapenarekin. Proiektua idazteko, zuzendaritza fakultatiborako eta obrak gauzatzeko lizitazioa (baterako lizitazioa) joan den maiatzaren 21ean argitaratu zen, eta honako etxebizitza hauez osatutako sustapena garatzea ahalbidetuko du: logela bateko 4 etxebizitza, bi logelako 22 —horietako bi mugikortasun urriko pertsonentzat egokituak— eta hiru logelako 3. Visesaren aurreikuspena da lanak 2026ko hirugarren hiruhilekoan esleitzea, 2027an obrak hasteko, eta 2029ko udaberrian sustapena amaitzea, ondoren esleitzeko. Obra horretarako inbertsioa 4,6 milioi eurokoa izango da guztira.