AKTUALITATEA


| 2026-06-05 09:46:00

Datu ofizialen arabera, 2026ko lehen hiruhilekoan % 80 hazi dira Europako bost petrolio enpresa handien irabaziak eta, zehazki, Repsolek %1 54 hazi ditu bere irabazi garbiak

Araba. 2026-06-05 | EH Bilduk enpresa energetikoen ezohiko etekinen gaineko zerga berrezartzea eskatuko du Arabako Batzar Nagusietan. Horrela jasota dago aurkeztu duen mozio batean. Izan ere, zerga hori indarrean sartu zen 2022an Ukrainako gerraren ondorioz. Orduan, gasaren prezioa asko garestitu zen eta inflazioaren igoera eragin zuen. Enpresa energetikoek, aldiz, irabaziak biderkatu zituzten. Testuinguru horretan enpresa horiei ezohiko etekinen gaineko zerga ezarri zitzaien aldi baterako. Bi urtez egon zen indarrean.

Egoera errepikatzen ari da orain: Irango gerrak sortutako krisia enpresak eta herritarrak ordaintzen ari dira. Eta orain arte hartu diren neurri garrantzitsuak, adibidez, erregaien prezioa merkatzea BEZaren jaitsieraren bitartez, ekarri du deskontu horren heren bat enpresa energetikoen poltsikoetara joatea. Enpresa energetiko horiek berriro ere biderkatu egin dituzte euren irabaziak. Datu ofizialen arabera, 2026ko lehen hiruhilekoan % 80 hazi dira Europako bost petrolio enpresa handien irabaziak eta, zehazki, Repsolek % 154 hazi ditu bere irabazi garbiak.

EH Bilduren ustez egoera ezin da errepikatu eta neurriak hartu behar dira herritar gehienen eta enpresen interesak defendatzeko. «Gure ekimenaren helburua da, berriro ere ezkutu soziala delakoa aktibatzearekin batera, ezohiko etekin horiek egokiro zergapetzea, enpresa energetikoen jokabide ekonomikoa mugatzeko, eta horien interesen gainetik gizarte osoaren ongizatea aintzat hartzea. Funtsean, sistema fiskal justuagoa eta instituzio guztien finantza nahikotasuna bermatu nahi dugu eta horretarako ezohiko etekin horiek zergapetzea da bide horretan egin beharreko lehen urratsa», azaldu du Eva Lopez de Arroyabek.

EH Bilduren batzarkide taldeko bozeramaileak azaldu du nahiz eta enpresa horiek helbide fiskala Arabatik kanpo izan, eragina izango duela Arabako Ogasunean ekarpen legearen ondorioz eta kontzertu ekonomikoaren ondorioz. Horregatik defendatuko du Europar Batasunak sustatu dezala zergapetze hori modu iraunkorrean. Baina egingo ez balu, autonomia fiskalik ez dagoenez, Ukrainako gerran egin zuen bezala Espainiar Estatuak berriro ere bere kabuz egin dezala defendatu du.