AKTUALITATEA


| 2025-12-23 09:58:00

Gorbeialdeko Kuadrillak urte amaierako batzarrea egin zuen iragan abenduaren 18an eta aho batez onartu zuen 2026. urterako aurrekontua. Guztira, 2.756.642,59 eurotako aurrekontua izango du erakundeak, hau da, 2025ean baino 214.246,02 euro gehiago, %8 gehiago.

Pertsonalaren kapituluak,  1.236.956,78, %45, eta hondakinen gestioak, 984.268,27,  36%, hartzen dute aurrekontuaren partida nagusienak eta arlootan dute ardatz datorren urtean kuadrillak ekin beharreko programak.

Pertsonalaren atalean jasotzen dira batzarreak saio berean onetsi zituen beste bi gai: bata, estatuak onartu berri dituen ordainsarien igoera eta, bestea, Gorbeialdeko kuadrillaren antolakuntza-analisi eta bertako lanpostuen deskribapen eta balioespena. Honen ondorio dira, hainbat lanposturen sorrera, kasu idazkari-kontuhartzailearena eta partehartze-teknikariarena, nola beste batzuen moldatzea, administrari eta kultur teknikariena.

Honek guztiak ahalegin ekonomiko handia eskatzen du, nagusiki kuadrilla osatzen duten udalen eskutik etorri dena. Agustin Otsoa Eribeko Landa presidentearen esanetan, “eskertzekoa da guztiz kuadrillako udalek erakunde honi egiten dieten ekarpen ekonomiko zein lankidetzazkoa, bai eta, hein berean, bertan lan egiten duen pertsonalarena ere”. Beste aldetik, adierazi duenez, “kuadrillen eginkizun estrategikoa aintzat harturik, dei egin behar zaie diputazio eta euskal gobernuari erakundeon finantza-iturriak egunera ditzaten”.

Israelen aurkako mozioa

Bestelako gaien artean, bi hitzarmen onartu ziren beste erakundeekiko lankidetza bideratu ahal izateko. Bata, Mairuelegorreta landa-garapenerako elkartearekin, kuadrillaren garapenean eta elkarrekiko hartu-emana arautzeko. Bestea, BASQUETOUR Turismoaren Euskal Agentziarekin, Gorbeia helmuga turistiko adimentsuen programan sartu eta kide izan dadin, Bizkaiko Gorbeialde landa-garapenerako elkarteak eta Gorbeialdeko kuadrillak urte luzetan elkarren laguntzaz gestionatutako helmuga turistikoa

Aztergaien artean aipatzekoa ere bada Israelgo Estatuarekin harreman komertzial eta ekonomiko oro hausteko eta saihesteko onartu zen mozioa -honako hau EH Bilduren botuekin, besterik ez-, Palestinako herriak pairatzen duen genozidioari eman beharreko erantzun xehe baina sendoa. Honen ondorioz, kuadrillak sinatuta dituen kontratuak berrikusiko ditu eta aurrerantzean sinatu beharrekoetan, ezinbestean jaso behar du nazioarteko zuzenbidea eta giza eskubideak errespetatzea. Presidentearen esanetan, “gatazka anitz daude munduan baina, marra gorri guztiak oro gaindituta, Palestinan gertatzen ari denak guztiok mugiarazi behar gaitu, norbere aletxoa jarriz”.