AKTUALITATEA


| 2025-12-19 15:06:00

Aurrekontua izapidetzeko egutegiak ezartzen duen bezala, Osoko Bilkurak atzo onartu zuen 2026. urterako aurrekontua, guztira 13.668.526 eurokoa, 2025an baino % 14 handiagoa. Oposizioak aurrekontuen aurka bozkatu du nahiz eta Udal Gobernuak 280.000 euroko partidak onartu dizkion, besteak beste, alde zaharrera igotzeko igogailu bat, industrialdean argiteria LED teknologiara egokitzeko partida, bidegorri bat egiteko partida eta Harresi auzoko haur jolas parkearen estaldura berreskuratzeko.

Aurrekontu honetan, oposizioak egindako proposamenez gain, ekainean hasitako partehartze-prozesuan herritarrek aukeratutako proiektuak jasotzen dira. Prozesu horretan, guztira, 29 proposamen jaso ziren baina teknikariek berrikusi eta herritarren bozketa-fasea igaro ondoren, bi izan ziren udal-aurrekontuetan sartzeko hautatuak, guztira 100.000 euroko aurrekontuarekin. Alde batetik, Sagarmin kaleko kirol kantxaren zorua aldatzea eta, bestetik, Aguraingo industria gunera joateko oinezkoentzako bidea egitea izan dira proposamen bozkatuenak.

Horrez gain, badira ere beste proiektu garrantzitsu batzuk, besteak beste: Gazteentzako alokairu sozialeko etxebizitzak abian jartzeko Bustamante jauregia birgaitzeko obrak, (2.161.420 euro); eskola-eremuko eraikin publikoetarako eta anbulatoriorako biomasa bidezko bero-sarea eraikitzeko proiektua egitea (150.000 euro); Senda Langarika plazaren urbanizazio proiektua egitea eta obrak (1.009.275 euro) eta Magdalena auzoa urbanizatzeko proiektua egitea eta obrak (551.600 euro).