AKTUALITATEA


| 2020-07-09 10:01:00

EH Bilduk Gaubeako Udalean eskatu du Cultivos Araba SLk enpresak Tuestako industrialdean kristalezko negutegiak instalatzeko behar duen jarduera-espedientea geldiaraztea. Horrela dago jasota gaur aurkeztutako alegazioetan, izan ere, enpresak kristalezko berotegiak ez ezik, beste elementu osagarri batzuk ere eraiki nahi dituelako, hala nola, gas-biltegi bat, ureztatze-gela bat edo konpost-planta bat, hori guztia tomate hidroponikoak ekoizteko proiektuari lotuta.

 

EH Bilduk erregistratutako alegazio-idazkian gogorarazten da jarduera-lizentziaren eskaerarekin batera proiektu tekniko bat eta deskribapen-memoria bat aurkeztu behar direla, baina kasu honetan ez dago halakorik. Izan ere, ekoizpen-jarduera bat ez ezik, produktu fitosanitarioak erabiliko ditu, hondakinak sortuko ditu eta gas-biltegi bat izango du. Arrazoi beragatik, zentzuzkoa da ingurumen-inpaktuaren azterketa bat egitea, baina kasu honetan ere ez da egin. Hori gutxi balitz bezala, ez dira kontuan hartu jarduera horrek inguruko trafikoan izango dituen eraginak, eta, beraz, ez dakigu egungo bide-azpiegiturak nahikoak ote diren Gaubeako udalerrian ez ezik aldameneko udalerrietan ere.

 

Bestalde, nekazaritza eta industriako jarduera hori garatzeko egokiak ez diren lurretan kokatu nahi dutela adierazi du EH Bilduk. Instalazioaren zati bat Tuesta industrialdean kokatuko balitz ere, proiektu honek ia 200.000 metro koadro lurzoru urbanizaezin okupatuko lituzke. Josu Elorrieta Gaubeako EH Bilduren bozeramaileak azaldu duenez, "berrerabilpena lehenetsi behar da lurzoru berriaren okupazioaren aurretik". Hori dela eta, "Ez da nekazaritzako lur berririk okupatu behar, ez delako egokia, ez hirigintzaren ikuspegitik, ezta ingurumenaren ikuspegitik ere". Hori dela eta, Elorrietak ondorioztatu du lur industriala okupatu beharko litzatekela eta ez nekazaritza eta basogintzakoa. "Jarduera aipatutako lursail horietan kokatzeko azalpen bakarra ekonomikoa da, Udalarentzat ez ezik, gure udalerrian kokatu nahi duen enpresarentzat ere onuragarria delako", argitu du.