AKTUALITATEA


| 2026-11-19 10:32:00

Eskainitako 14 plazetatik, bitan bakarrik da beharrezkoa euskara eskakizuna, nahiz eta gazteei zuzendutako eskaintza izan eta plaza batzuk udalerriko gazteekin harreman zuzenean lan egiteko izan

Araba. 2026-11-19 | Añanako kuadrillako EH Bilduk mozio bat erregistratu du gaur kuadrillako osoko bilkurarako, kuadrillak berak argitaratu duen lan-eskaintza bat bertan behera uzteko eskatuz, eskainitako plaza gehienetan ez duelako euskararen ezagutza kontuan hartzen.

16 eta 29 urte bitarteko gazteei zuzendutako lan-eskaintzan, LHko eta unibertsitate-titulazioko 14 plaza eskaintzen dira. Horietako bitan bakarrik eskatzen da Hizkuntza Eskakizuna, Ikasteko Tekniketan Laguntzeko Teknikarienak, hau da, Kuadrillako ikasleei ikasten laguntzeko langileak. Horietan eskatzen den titulazioa lizentziaturakoa eta/edo gradukoa izan arren, bati 1. HE esleitu zaio eta besteari 2. HE, inolako azalpenik gabe. Gainerako 12 lanpostuetan ez dago inolako betekizunik euskarari dagokionez.

«Kezka, tristura eta haserre handiz ikusi dugu Kuadrillak Añanako euskarari eta euskaldunen hizkuntza-eskubideei emandkao tratua gazteentzako lan-eskaintza honetan. Izan ere, lanpostu horietan ez da betetzen Euskararen Legea, ez ezarri beharreko derrigortasun-daten kopuruari dagokionez (Añanako Kuadrillari dagokion indizearen arabera, gutxienez bost izan beharko lirateke), ezta ezarritako hizkuntza-eskakizunari dagokionez ere (titulazio mota horiek eta, batez ere, egin beharreko lanak, C1 maila behar dutelako )», esan du EH Bilduk.

Era berean, EH Bilduk ulertezintzat jo du Kuadrillako gobernuaren jarrera hori, «erakunde horretan hainbat urte daramatzalako euskararen defentsaren eta euskaldunen eskubideen bermatzaile izan beharko lukeen alderdi bat gobernatzen». Gainera, EH Bilduk uste du erabaki horrekin «aditzera ematen dela ez dagoela ekonomialari, legelari, landa-garapeneko agente, kirol-teknikari edo arkitekto lanak egiteko gai den gazte euskaldunik».

Horrela, gaur erregistratu den mozioan, biziki deitoratzen dute euskarari eta Añanako euskaldunen hizkuntza eskubideei emandako tratamendua, «ez datorrelako bat gure eskualdeko euskararen egungo egoera soziolinguistikoarekin eta Euskararen Legea urratzen duelako». Gainera, mozioak lan-eskaintza bertan behera uzteko eskatzen du, Euskararen Legearen arabera lanpostuen hizkuntza-eskakizunak zehaztu eta dagozkien derrigortasun-datak ezarri arte. Eusko Legebiltzarrean eta Batzar Nagusietan ere ekimen gehiago iragarri dituzte.

«Ez dakigu erabaki horren arrazoia euskaldunen eskubideekiko utzikeria den edo, aitzitik, mespretxuagatik den. Kontua da bi aukeretako edozein oso kezkagarria dela. Are gehiago euskararen aurkako oldarraldi testuinguru batean», amaitu du EH Bilduk.