AKTUALITATEA


| 2026-11-19 18:43:00

Josu Estarrona senaturako hautagaiak ere hartu du hitza Iruña Okako ekitaldian, eta haren hitzetan, «EH Bilduk erakutsi du herriaren eta herritarren interesak siglen interesen gainetik jartzeko erantzukizuna duela»

Araba. 2026-11-19 | Iruña Okako plazan bildu ditu gaur EH Bilduk bertako herritarrak, eta Eba Blanco Espainiako Kongresurako hautagaiak EH Bilduren botoaren balioa nabarmendu du: «Aurrera egiteko, urrunago iristeko eta herritarren eskubideak eta askatasunak bermatzeko, ezinbestekoa da gehiengo aurrerakoi bat osatzea. Eta apaltasunez baina baita irmotasunez esaten dugu: EH Bildu da gehiengo aurrerakoi hori eraginkorra izateko bermea».

Madrildik egin daitekeen lana aipatu du Blancok, lorpenak zerrendatuta, baina baita egiteke daudenak lantzen jarraitzeko ere, hala nola « Etxebizitzaren arazoari soluzioa emateko, pentsioak bermatzeko, prezioak jaisteko eta herri hau eta bertako herritarrak defendatzeko. Eta hori lortzeko modurik onena, benetan eraginkorra den botoa, EH Bildurena da».

EH Bilduren izana laburbiltzen duen eta dagoeneko ospetsu egin den «esaten duguna egiten dugu, eta egiten duguna esaten dugu» esaldian sakondu nahi izan du Eba Blanco hautagaiak: «Hitzekoak gara. Ez dugulako administrazio kontseilurik gure zain, ezta ate birakaririk ere. Herritarrak zerbitzatzera etorri garelako, eta ez politikaz bizitzera. Alternatiba badagoelako, posible egingo dugu».

Erdibiderik ez

Eba Blancorekin batera, Josu Estarrona Espainiako Senaturako Arabako hautagaiak ere parte hartu du Iruña Okako ekitaldian, eta Blancoren ideia berari heldu dio, esateko EH Bilduk dagoeneko erakutsi duela herriaren zerbitzura dagoela: «EH Bilduk erakutsi du herriaren eta herritarren interesak siglen interesen gainetik jartzeko erantzukizuna duela».

«EH Bildu da, bloke erreakzionarioa erabateko irrelebantziara eramateko bermea izateaz gain, politiken ardatza ezkerrera mugitzeko giltza ere. EH Bildu indartsu bat da bloke aurrerakoiaren politikak benetan aurrerakoiak izan daitezen bermatzen duena. Ez gara erdibidean geratzen, herritarrei baino ez gatzaizkielako zor. Eta zure botoarekin, eraldaketa sakonagoak gauzatzea lortuko dugu».

«EH Bilduri emandako botoa gehiago eta indar handiagoz egiteko bermea da. Beraz, ez dizuegu sigla bati atxikitzeko eskatzen; itxaropenaren olatuaren parte izateko aukera baliatzeko eskatzen dizuegu», amaitu du Estarronak.