EH Bilduk ekitaldi politikoa egin du gaur arratsaldean Zuiako udaletxean, eta Mikel Otero Arabako kongresurako hautagaiak hitza hartu du EH Bilduri botoa ematea politika aurrerakoi «ausart eta anbiziotsuen» bermea dela esateko. «Ezker subiranista zenbat eta indartsuagoa izan, orduan eta ausartagoak eta anbiziotsuagoak izango dira politika aurrerakoiak. Ez diogu inori sigla batzuei atxikitzeko eskatzen, baizik eta munduko hainbat lekutan altxatzen hasi den itxaropen-olatuarekin bat egiteko».
Oterok argi eta garbi bereizitako bi bloke daudela azpimarratu du, eta boto eraginkorraren aldeko mezua bota du: «Azaroaren 29an bi aukera daude: aurrera egitea edo atzera egitea. Eskubide eta askatasunak zabaltzen jarraitzea edo garai ilunetara itzultzea. Oso argi daukagu zein aukera hautatu eta irmo baieztatzen dugun partida Euskal Herria Bilduren eta bloke erreakzionarioaren artean jokatzen dela. Botoa modu eraginkorrean ematera deitzen zaituztegu, botoa Euskal Herria Bildun kontzentratzera».
Hautagaiak garrantzi berezia eman nahi izan die Senaturako hautagaitzei, bertan eskuineko indarrek botoa kontzentratu nahi izan baitute. «Esparru guztietan, baina batez ere senatuan, non bloke erreakzionarioa koordinatzen ari den EH Bilduri ordezkaritza kentzeko. Baina ez dute lortuko! Josu senatura itzuliko da! Eta zergatik ez joan harago? Bidal ditzagun senatura Ainhize eta Manu ere!», esan du Oterok.
«Zenbat eta EH Bildu gehiago, hainbat eta eskubide gehiago pentsiodunentzat, gazteentzat, langileentzat... Ez da ekidistantziarako garaia. Herria bizkar gainean altxatu eta itxaropenari bidea irekitzeko unea da. Aupa Gorbeialdea! Aurrera Araba! Aurrera Euskal Herria!», amaitu du Mikel Oterok.
Berme feminista
Mikel Oterorekin bat eginez, Eva Lopez de Arroyabe ahaldun nagusigaiak adierazi du EH Bildu dela eskubideen murrizketa geldiarazteko bermea, baina kasu honetan emakumeen eskubideei erreferentzia egiteko: «Ezker subiranistari botoa ematea da matxismoa geldiarazteko eta erreakzionarioei oinak geldiarazteko bermerik onena. Eskuindarren aurrean, eskubide gehiago emakume guztientzat. Abortatzeko eskubidea blindatzeko eta indarkeria matxistaren biktimen babesa indartzeko berme feminista da EH Bildu. Emakume guztiei, gazteei zein adinekoei, beren botoa EH Bildun biltzeko deia egiten diegu. EH Bilduren botoak balio bikoitza duelako: matxistak geldiarazteko balio du, eta, gainera, politika feministak eta berdintasunekoak bermatzen ditu».
Lopez de Arroyabek dei egin die emakume aurrerakoi guztiei beren eskubideak defendatzeko eta jada lortutakoan atzera ez egiteko: «Emakumeok ez baitugu atzerapauso bat ere emango. Elkarren ondoan gaude. Elkarrekin indartsuak gara, eta aurre egingo diogu bloke erreakzionarioari».