Eva Lopez de Arroyabe EH Bilduren Diputatu Nagusirako hautagaiak eta Javier Argote Lur Jareetako zerrendaburuak Arabako landa eremurako etxebizitza plan bat aurkeztu dute gaur.
«Landa-eremua ez dago aparte Araba osoan etxebizitza eskuratzeko dagoen arazotik», adierazi du Lopez de Arroyabek landa-eremuan etxebizitza eskuratzeko egoeraren diagnostikoan. «Kalkuluen arabera, 9.000 pertsona daude alokairuko etxebizitzaren zain Gasteizen, baina egungo sistema ez da gai landa-eremuko eskatzaile kopurua ezagutzeko».
Hautagaiak nabarmendu duenez, Araba osoko udalek alokairu sozialerako 75 etxebizitza baino ez dituzte Araba osoan. Hau da, guztizkoaren % 1. Are gehiago, lurraldeko 53 udalerrietatik 11k soilik eskaintzen dute alokairuko etxebizitza, eta eskaintza hori ez da zortzi urtez handitu. Hain zuzen ere, Mendialdeko, Añanako eta Arabako Errioxako etxeen erdiak bigarren egoitzak dira edo hutsik daude.
Javier Argotek eman ditu bost urteko epea hartzen duen plana xehetasunak. Planak sei ardatz ditu: Etxebideren ratioak eta baldintzak egokitzea, landa-eremuko etxebizitza hutsen errolda, etxebizitzak konpontzeko eta birgaitzeko dirulaguntzen lerroa, herriguneetako orube hutsak eta erabilerarik gabeko eraikuntzak aprobetxatzea etxebizitza eraikitzeko edo bihurtzeko, tipologia bereziko eraikinak erabiltzea (jauregiak, etxetzarrak) etxebizitza komunitarioak sustatzeko eta etxegabetzeak saihesteko protokoloak.
«Landa-eremuan biztanleria finkatu nahi badugu, gure gazteei aukerak eman nahi dizkiegu, etxebizitzaren merkatuan eragin behar dugu eta etxebizitza berriak sortzeko beharrezkoak diren lege-, arau- eta hirigintza-aldaketak egin behar ditugu», ondorioztatu du Lopez de Arroyabek.