AKTUALITATEA


| 2026-03-13 11:36:00

EH Bilduk hainbat ardogile eta bestelako eragile bildu ditu lan saio batean, eskualdearen egoera aztertzeko eta «etorkizun partekatu eta ilusionagarria diseinatzeko»

Araba. 2026-03-13 | EH Bildu Arabak Arabako Errioxa osoko hainbat gizarte-eragile eta ardogile bildu zituen atzo Samaniegon, eskualdearen egoerari buruzko diagnostikoak partekatzeko eta irtenbideak proposatzeko. Eskualdeari buruzko bigarren lan-saioa da, joan den azaroan egindakoaren ondoren.

Eva Lopez de Arroyabe EH Bilduk Arabako Batzar Nagusietan duen bozeramaileak egin zituen topaketaren dinamizatzaile lanak, eta nabarmendu zuen, eskualdeak bizi duen egoera konpontzeko, beharrezkoa dela jendearen iritzia jasotzea: «Eskualdeko eta sektoreko kezkak bertatik bertara ezagutu behar ditugu, alferrik baitira Arabako Errioxan bizi eta lan egiten duten pertsonei bizkar emanda egindako ekimenak».

Azaroan egindako diagnostikoaren ondoren, proposamenak biltzea izan da EH Bilduren helburua bigarren lan saio honetan. Mahastizaintza eta ardogintza sektorearen egoera korapilotsua alde batera utzita, zalantzarik gabe eskualdeko ekonomiak arrastaka daramana, atzo epe luzerako ekintzak definitzen saiatu ziren, besteak beste, ekonomia-ereduari eta dibertsifikazioari, eskualde-nortasunari, turismoari eta lurralde-ereduari, etxebizitzari eta zerbitzu publikoei edo gobernantza-ereduari buruzkoak.

«Ideia berriak eta berritzaileak beharrezkoak dira, frogatuta baitago gauza bera egiteak ez duela emaitza desberdinik ekarriko. Eta, azaroan esan genuen bezala, hori guztia eskualdean bizi eta lan egiten duten pertsonekin batera egin behar da, Arabako Errioxaren etorkizuna partekatua eta ilusionagarria izan behar baita», adierazi du Lopez de Arroyabek.

Bozeramaileak nabarmendu du EH Bilduk bat egiten duela prozesu hau gidatu behar duen eskualdeko kide izatearen harrotasunarekin eta ilusioarekin. «Arabako Errioxa une erabakigarrian dago: orain arteko ereduak agortze-seinaleak erakusten ditu, eta estrategia integral bat behar da, justizia soziala, dibertsifikazio ekonomikoa, lehen sektorea indartzea, nortasuna eraikitzea eta zerbitzu publikoak indartzea bilduko dituena».

Lan-saio hauen bitartez, EH Bilduk 2023ko maiatzean aurkeztu zuen Arabako Errioxarako Plan Integralaren proposamena eguneratu nahi du, baldintza aldakorrek elementu berriak jarri baitituzte mahai gainean, hala nola, etxebizitza-larrialdia. «Arabako Errioxa oraina eta etorkizuna da, eta EH Bildu badago eta egongo da. Baina etorkizun hori eskualdea egunez egun lantzen eta aurrera ateratzen duten pertsonekin batera marraztu behar da», esan du Eva Lopez de Arroyabek.