AKTUALITATEA


| 2020-03-25 13:34:00

Zein izan da pandemiaren eragina Arabako Lautadako udalerri honetan? Baieztatutako kasu positiboren bat duzue?

Oraingoz, kasu bakarra dago baieztatuta, baina hau luzerako doa eta ezin dugu guardia jaitsi. Oso garrantzitsua da geure burua zaintzea, gure esku dauden neurri guztiak hartzea. Une honetan, laguntza naturaleko sarea, hau da, gure familiena eta bizilagunena, funtsezkoa dela jakin behar dugu. Gune txikietan bizi gara, gugandik gertu bizi diren pertsonen premien berri gehiago izateko aukera ematen digutenak. Horregatik, Asparrenako herritar guztiak animatzen ditut beren osasuna eta besteena gauza guztien gainetik jartzera, eta gure bizilagunen beharrei inoiz baino arreta handiagoa izatera animatzen ditut.

Zer neurri hartu ditu Asparrengo Udalak?

Hartu dugun azkena neurria izan da kutsatzeko arrisku handia duten eremu batzuk desinfektatzen hastea; hala nola erabilera komuneko eremuak, edukiontziak … Hori aguazilek egiten dute eta, horrez gain, kloroa administrazio-batzarrei eskaini diegu, euren kontzejuetan aplika dezaten. Ezin badute, Araiako aguazilak prest daude hala eskatzen duten herri guztietara joateko.

Neurri gehiago hartu al dira?

Araba osoko eskolen itxieraren berri izan genuenean, premiazko Gobernu Batzordea egin genuen, eta zinegotzi guztiak gonbidatu genituen, ekarpen guztiak baliozkoak izateaz gain, beharrezkoak direla zinez uste dugulako. Une horretan, osasun-larrialdia edo alarma-egoera ezarri baino egun batzuk lehenago, adibidez, Kultur-Etxea, Musika-eskola eta Jolaslekua ixtea erabaki genuen. Kiroldegia, jubilatuen zentroa eta eguneko arretarako landa zentroa ixtea ere erabaki genuen. Azken zerbitzu horretan gutxieneko zerbitzuak mantendu egin dira lehen egunetik.

 

Zertan datza gutxieneko zerbitzu horiek?

Bertara joatea debekatu da, baina zentroko hamabi erabiltzaileei otordu-zerbitzua bermatu zaie. Zerbitzuko langilea egunero egoten da harremanetan haietako bakoitzarekin, eta bere beharren jarraipena egiten du. Gure ustez, funtsezkoa da oinarrizko zerbitzu horiek egoera bereziki ahulean dauden pertsonei bermatzea, gure adinekoei, alegia.

 

Udal egoitzek zabalik jarraitzen al dute?

Ez, Udalak itxi egin du aurrez aurreko arreta, baina telefonoz, posta elektronikoz eta web-orrialdez erantzuten da. Udaleko langileek beharrezko prebentzio-neurrietara egokitu ditugu lanpostua eta ahal den guztietan, etxetik bertatik lan egiten dute. Bide batez, eskerrak eman nahi dizkiet udal langileei, ikuspegi eta erantzukizun handiarekin erantzuten ari direlako. Bereziki, Gizarte Zerbitzuen lana azpimarratu nahi dut; izan ere, zerbitzu horiek, batzuetan, oso ahaztuta daude, oinarrizkoak dira pertsonen zaintzan, eta orain dena ematen ari dira, batzuetan, gainezka egiten dute.

 

Zer gertatu da azpikontratatutako enpresekin?

Orain garatu ezin diren zerbitzuak ematen zituzten langileek ondorioak ez ordaintzea izan da gure kezka nagusia. Horregatik, erabaki dugu zerbitzuak ematen dizkiguten enpresa guztiekin kontratuak indarrean mantentzea, langileengan eragin ekonomikorik egon ez dadin. Horiei guztiei lan plan alternatibo bat eskatu edo eskaini zaie, egoerari egokitua.

 

Asparrenak badu lankidetzarako sare herritarrik?

Bai, auzokide batzuek sare solidario bat jarri dute abian gure bizilagunen artean laguntza emateko, bereziki oinarrizko produktuak erosteko zailtasunak dituzten edo zaintza-behar zehatzak dituzten arrisku-taldeetako pertsonei. Udaletik ekimen honekin elkarlanean ari gara, ulertzen dugulako auzolanetik, elkartasunetik, komunitatetik eta hurbiltasunetik bakarrik egin ahal izango diegula aurre krisi sozio-sanitario honen ondorioei.

 

Gainontzeko erakundeen babesa izan al du?

Eudeletik udalei jarraibideak bidaltzen ari dira, aurretik eztabaidatu gabe. Dagoeneko publiko egin dugu prozesu honengatik dugun ezinegona

 

Etxez etxeko laguntza zerbitzua behar bezala funtzionatzen ari al da?

SAD da une honetan kezka handienetako bat. Erabiltzaileren batek ohartaraziz gain, gaur bertan Araiako Osasun Zentroko medikuaren dei bat jaso dut, sektoreko profesionalen babeserako material falta dela eta. Lehen mailako arreta-zerbitzuetako bat da, eta erabiltzaileekiko harremana oso intimoa da, eta prebentzio-neurriek besteak bezain zorrotzak edo gehiago izan beharko lukete. Hala ere, hori kudeatzen duten enpresak ez zaizkie neurri egokiak edo beharrezkoak ematen ari. Erakundeak (Arabako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza) ere ez dira ekipo horiek bidaltzen ari.

Ba al dago arriskuan dagoen beste giza talderik?

Kezkatzen nauen beste kolektibo bat zaurgarritasun-egoeran dauden adingabeak eta nerabeak dira. Gizarte-langileak jakinaren gainean daude, eta erregistratuta dituzten familiekin harremanetan egoten saiatzen dira. Prebentzio-teknikariekin eta kaleko hezitzaileekin koordinatuta, gizarte-isolamenduak ahalik eta oihartzun txikiena izan dezan laguntzen ari dira. Badakit kasuren batean arreta psikologikoa modu telematikoan egiten ari direla.

Jarduera asko bertan behera utzi behar izan dituzue?

Kultur jardueren mailan, noski, Udalak hilabete honetarako eta hurrengorako programatuta zituen programazio guztiak bertan behera gelditu dira. Hain zuzen ere, Asteklimaren harira kontratatuta genuen ipuin kontalari bat. Baina kontratatutako taldeari bermatu zaio beste une batean egingo dugula, egoera horretatik ateratzen garenean.