AKTUALITATEA


| 2021-06-04 10:26:00

Eusko Jaurlaritzak Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektorialaren zirriborroari ekarpenak egiteko irekitako prozesuan, EH Bilduk proposatu du plan horrek autokontsumoa eta kontrol publikoa sustatu behar dituela eta argi eta garbi ezarri behar dituela energia berriztagarriak hedatzeko bazterketa-eremuak. Puntu honetan, EH Bilduren ustez, ez dira behar bezala zehazten bazterketa-eremuak, eta ez dira definitzen eremu hoberenak garatzeko irizpideak. “Energia Berriztagarrien LPSk xehetasunez zehaztu behar ditu EAEn energia berriztagarrien sistemak garatzeko eremurik egokienak”, esan du Ruth Ibisatek, EH Bildu Udalgintza arduradunak Araban.

 

Hala, zentral elektrikoen kasuan, besteak beste, Natura 2000 Sareko gune babestuak, biotopo babestuak, parke naturalak, paisaia bereziak edo nabarmenak, desagertzeko arriskuan dauden hegalari harrapalarien habiak egiteko eremuak edo desagertzeko arriskuan dauden fauna-espezieentzako interes bereziko eremuak kanpoan uztea proposatzen da. Eraikinik gabeko zentral fotovoltaikoen kasuan (eguzki-baratzeak), EH Bilduren ustez, babestutako eremuez gain, %20tik gorako maldak dituzten lurrak eta balio estrategiko handiko nekazaritza- eta abeltzaintza-lurrak sartu behar dira.

 

EH Bilduren aburuz, lehentasuna eman behar zaie, oro har, ekologiaren nahiz paisaiaren aldetik inpaktu txikiagoa eragiten duten leku antropizatuenei, irisgarrienei eta, oro har, gutxien eragiten dutenei: tarteko eta mendi-hegal erdiko koten kokalekuak, mendi baxuak eremu eraldatuenetan, industria-eremuak eta garraio elektrikoko sare nagusien eta energia-eskariaren inguruko eremuak, etab.

 

Bestalde, EH Bilduren ustez, Eusko Jaurlaritzak egindako zirriborro honek ekimen pribatuak  sustatzen ditu eta, horren aurrean, kontrol publiko handiagoa eskatzen du, “energia berriztagarrien sistemen garapenean beharrezkoa den izaera demokratikoa bermatzeko”. Ildo horretan, benetako parte-hartze prozesua ere eskatzen du. “Ez zaio behar adinako garrantzia ematen gure etorkizunerako hain garrantzitsua den gai honek eskatzen duen parte-hartze publikoko prozesuari, ez da oharkabean pasatzen ari zirkulu oso zehatzetatik kanpo. Parte-hartzea zabaldu eta sustatu behar da kanpaina publiko baten bidez, beste eremu batzuetan egiten den bezala”, azaldu du Ibisatek.

 

Azkenik, EH Bilduren ustez, planak ezartzen dituen helburuak oso urrun daude nazioarteko itunetan ezarritakoetatik. Zeharo zaharkituta gelditu den Euskadi 2030 energia-estrategian oinarritzen dira eta, ondorioz, Parisko akordioak, Europako Itun Berdea, Trantsizio Ekologikoaren eta Klima Aldaketaren Legea eta, are gehiago, EAEko Energia Iraunkortasunaren Legea bera urratzen ditu.