AKTUALITATEA


| 2023-02-08 09:36:00

Araba. 2023-02-07 | EH Bildu Araba batzarkide-taldeak aurkeztutako mozio bat eztabaidatu eta onartu dute gaur Arabako Batzar Nagusiek, Legardagutxiko errota historikoa eta bertako ingurune naturala txukuntzeko. Talde guztiek babestu dute ekimena.

Mozioa joan den urrian aurkeztu zuen EH Bildu Araba batzarkide taldeak, eta honakoa zioen Kike Fernandez de Pinedo bozeramaileak errotari buruz: «Egun, hainbat horma eta elementu gorde eta ikus daitezke oraindik. Beraz, interesgarria izango litzateke geratzen diren egiturak saneatu eta mantentzea, eta era berean, aztertzea 1993 urtean Paquita Saenz de Urturik eta Ainhoa Dominguezek bertan egindako indusketak osatzeko aukera». Zadorrako ibilbide berdearen adar bat egitea ere eskatu zuen, bertara iristeko erraztasunak emateko.

Mozio adostua

Hala, EH Bilduk proposatuta, Arabako Batzar Nagusiek Arabako Foru Aldundiari eskatu diote, Lermandako Administrazio Batzarrarekin eta Gasteizko Udalarekin lankidetzan, Legardagutxiko errotaren balioa nabarmentzeko, haren ondare-interesa eta kokapen interesgarria kontuan hartuta. Horretarako, honako hauek aztertuko dira: ingurunea eta Zadorraren ertza egokitzeko egin beharreko lanak, esku-hartze arkeologikoa, Zadorrako ibilbide berdetik hura bisitatzeko adar bat egokitzea, eta hondakinak finkatzeko eta kontserbatzeko lanak. Bertako historia eta ingurunearen berri emateko panel informatiboak jartzea ere aztertuko da.