Lan-baldintzak hobetzeko partida gauzatu gabe geratzeko arriskuaz ohartarazi du, «Arabako egoitza pribatuetako langileek duela sei urtetik hona muturreko egoeran dauden bitartean»
Araba. 2025-06-05 | EH Bildu Araba batzarkide taldeak prentsa agerraldia egin du gaur, Foru Gobernuari eskatzeko langileen lan-hitzarmenaren negoziazioan inplika dadila eta hitzarmen horren sinadura bultza dezala.
Eva Lopez de Arroyabe EH Bilduko bozeramaileak eta Claudia Venceslao batzarkideak Arabako egoitza pribatuetako langileek bizi duten egoeraren errepasoa egin dute. «Egoitza pribatuetan zaintzari eusten dioten profesionalen baldintzak ezagunak baino ezagunagoak dira: langileak Mendekotasunaren Estatuko hitzarmenaren arabera arautzen dira, Araba da hitzarmen propiorik ez duen EAEko herrialde bakarra, 6 urte baino gehiago daramatzate borrokan eta greba-egun ugari deitu dituzte, azkenak atzo eta gaur. LGStik gertu dauden soldatak eta 1772 orduko lanaldiak dituzte, lan-karga ikaragarriekin eta ordutegi amaigabeekin», kontatu du Claudia Venceslaok.
Egoera horren aurrean, Eva Lopez de Arroyabek Foru Gobernuaren inplikazioa eskatu du hitzarmenaren negoziazioan: «Gonzalez jaunak eta Urtaran jaunak, Ahaldun Nagusiak eta Gizarte Politiketako diputatuak ezin dute ikusle soil izaten jarraitu: haiek dira arduradun nagusiak gatazka hau konpondu eta behingoz hitzarmen garrantzitsu hau sinatzea lortzeko».
Horretarako, Lopez de Arroyabek gogorarazi du EH Bilduk eta Foru Gobernuak sinatutako aurrekontu-akordioan sei milioi euro daudela esleituta hitzarmen hau sinatzeko, «bi milioi euro 2025 honetarako, eta zenbateko bera helburu bererako kontsignatuta 2026an eta 2027an, hau da, bi milioi euro aurrekontu-ekitaldi bakoitzean».
Venceslaoren arabera, «Arabak, egoitzetako sektore pribatuko langileek, erabiltzaileek eta haien familiek ez dute merezi hitzarmen hau aurrera ez ateratzea», eta horregatik eskatzen dute Aldundiaren inplikazioa eta bultzada, pertsonen lan-baldintzak eta zaintzak hobetzeko partida gauzatu gabe geratzeko arriskuaren aurrean.
«Zaila izango da gatazka konpontzeko egungoa baino egoera egokiagorik aurkitzea: beharra dago, aurrekontua dago eta borondatea dagoela uste dugu; beraz, faktore guztiak dira mesedegarriak konponbidea aurkitzeko. Bada garaia», amaitu du Eva Lopez de Arroyabek.