AKTUALITATEA


| 2026-02-17 10:34:00

Eva Lopez de Arroyabe: «Aldundiaren politikak titular hutsetan geratzen dira, eta Gobernuak plangintzarik gabe jarduten du Arabako gizartearen kezkarik handienaren aurrean»

Araba. 2026-02-17 | EH Bildu Araba batzarkide taldeak Arabako etxebizitzaren arazoari aurre egiteko dituen asmoei buruz galdetuko dio Foru Gobernuari. Ahaldun Nagusiari zuzendutako interpelazio batean, taldeak jakin nahi du «ea benetako asmorik duen etxebizitzaren arazoa konpontzeko bidean seriotasunez lanean hasteko». Halaber, EH Bilduk galdetuko du ea Aldundiak fiskalitatea erabiliko duen espekulazioari aurre egiteko beste tresna bat bezala.

Eva Lopez de Arroyabe batzarkide taldeko bozeramaileak gogorarazi du etxebizitza Arabako gizartearen kezken lehen postuan dagoela, eta nabarmendu du Ramiro Gonzalezen gobernuaren hamar urteetan metro koadroko prezioak % 50 igo direla. «Zalantzarik gabe, zerbait gaizki egiten ari dira instituzioak ez direnean gai hainbeste pertsona itotzen ari den prezioen gorakada horri eusteko», esan du bozeramaileak.

Lopez de Arroyabek «titular hutsen arabera» funtzionatzea egotzi dio Foru Gobernuari, eta Aldundiak etxebizitza-politika egiteari uko egin diola esan du. «Alde batera utzi behar da merkatuak arazoa magiaren bidez konponduko duelako ideia, eta esku-hartze publikoa behar da. Gobernuari politika publiko sendoak eta lidergoa eskatzen dizkiogu».

Hala eta guztiz ere, Eva Lopez de Arroyabek eskua luzatu dio Diputazioari arazoari aurre egiteko; izan ere, «arazo konplexu baten aurrean gaude, eta EH Bildun askotan errepikatu dugu: eragile bakoitza bere esparrutik, baina ezinbestekoa da erakundeen arteko inplikazioa eta lankidetza».

Bozeramaileak nabarmendu du EH Bilduk proposatutako neurriak arrakastatsuak izan direla, hala nola Araba(n) bizi bedi programa, landa eremuan etxebizitzak sustatzeko 25 eskaera baino gehiago aurkeztu baitira. Onartu du programak ez duela bere potentzial guztia zabaldu arrazoi desberdinengatik, baina zailtasunak konpontzea espero du. «Alde horretatik, ikuspuntu oso desberdinak izan arren, harrera ona izan duten programak hobetzen joateko prest gaude».

Hori dela eta, EH Bilduk gai horien inguruan galdetuko dio Ahaldun Nagusiari, eta Eva Lopez de Arroyabek dagoeneko iragarri du ekimen berriak erregistratuko dituztela jasotzen duten erantzunaren arabera.