AKTUALITATEA


| 2026-10-15 08:33:00

Berdintasun, Euskara eta Gobernantza batzordeak EH Bilduk aurkeztutako mozioa onartu du, erakundeko plantilla legegintzaldia amaitu baino lehen 229 langilera arte handitzea jasotzen duen kronograma bat egitea eskatuz

Araba. 2026-10-15 | Arabako Batzar Nagusietako Berdintasun, Euskara eta Gobernantza Batzordeak EH Bilduren eta Elkarrekin Arabaren mozio bateratua onartu du gaur, Suhiltzaileen Foru Erakundearen plantilla handitzea planifikatzeko eskatuz.

Duela urte batzuetatik hona, Arabako suhiltzaileek plantilla handitzea eskatzen ari dira, gizarteari zerbitzu egokia emateko eta langileek beren lana segurtasunez egin ahal izateko.

Eskaera horrek oinarri sendoa du, Xabier Valdor EH Bilduko batzarkideak azaldu duenez, "uda honetan 61 egunetan ere ez baitira lau suhiltzaile egon parke eta txanda bakoitzean, eta horrek esku-hartzeetan binomioetan lan egiteko ezintasuna sortzen du. Hau da, Arabako suhiltzaileak suhiltzaileen eskuliburu guztietan jasotako oinarrizko irizpideen aurka ari dira lanean». Aldundiak berak aurtengo uztailean eta abuztuan emandako datuen arabera, 10 egunetan bakarrik egon dira parke guztiak eta txanda guztiak estalita.

Valdorrek adierazi duenez, «2026rako aurrekontuetan Arabako Foru Aldundiak 1.900.000 € ditu Foru Suhiltzaileen erakundean suhiltzaile-plazak sortzeko, eta, beraz, borondate politikoa baino ez da behar».

Onartutako mozioak Arabako Foru Aldundiari eskatzen dio, urtea amaitu baino lehen, erakundeko 12 sarjentuen lanpostuak betetzeko Lan Eskaintza Publikoaren deialdiaren oinarriak onar ditzala. Era berean, 2027ko lehen hiruhilekoan zehar, Aldundiak 2027ko Lan Eskaintza Publikoa onar dezala eskatu dute, zerbitzuko lanpostu huts guztiekin, tartean suhiltzaile eta suhiltzaile berrientzako konprometitutako 36 plazak. Hau da, plantilla 229 langilera iristea legegintzaldia amaitu baino lehen.

Gainera, LEP horiek Aldundiak berak antola ditzala eskatu dute, kudeaketa-gomendiorik gabe, eta Arabako Foru Aldundiko suhiltzaileen plantillan behin-behinekotasuna murrizteko helburuak betetzeko eskatu diote.