AKTUALITATEA


| 2024-11-21 12:25:00

Joan den ekainean Aldundiak baso-suteak prebenitzeko eskumena kendu zion Suhiltzaileen Erakunde Autonomoari, eta horrek zerbitzuaren integraltasunari kalte egiten diola uste du EH Bilduk

Araba. 2024-11-21 | EH Bildu Araba batzarkide taldeak ahaldun nagusia interpelatuko du abenduaren 4ko Kontroleko Osoko Bilkuran, Suhiltzaileen Foru Erakundeak zerbitzu integrala emateko eskatzeko.

EH Bilduk azaldu duenez, pasa den ekainean Arabako Foru Aldundiak erabaki zuen Suhiltzaileen Erakunde Autonomoari baso-suteak prebenitzeko eskumena kentzea eta, aldi berean, Nekazaritza Sailari suteak itzaltzen laguntzeko eskumena gehitzea. «Erabaki hau Erakunde Autonomoaren ulerkera integralaren kontra doa zuzen-zuzenean eta ez du bat egiten inguruko lurraldeetan duten funtzionatzeko erarekin», adierazi dute.

2016an Suhiltzaileen Foru Erakundea sortu zenetik suteen prebentzio- eta itzaltze- zerbitzu integrala ematea izan da helburua. «Hala ere, Foru Aldundiaren partetik azken urteetan emandako hainbat gertakari ikusita, susmoa dugu ez ote garen atzerapausoak ematen ariko», eta azken erabaki horrek «larritasun berezia» du EH Bilduren ustez.

Hala, Ahaldun Nagusiari eskatuko diote Berdintasuna, Euskara eta Gobernantza sailak baso-suteak prebenitzeko eskumena berreskuratzea eta, ildo horretan, eskatuko dute Arabako Foru Aldundiak TRAGSArekin duen kontratua ez berritzeko eta prebentzio-Ianak ere suhiltzaile publikoen eskuetan uzteko. Azkenik, Ahaldun Nagusiari eskatuko diote argitu dezala ea asmorik duen suteak itzaltzeko eskumena, bere osotasunean, suhiltzaile publikoen eskuetan uzteko.

Pais Valenciá-ko uholdeak ekarri dituzte gogora EH Bilduko kideek: «Azken asteetako gertakariek are argiago utzi dute larrialdiak alor guztietan birplanteatu behar direla. Gure ustez prebentzioa, koordinazio-protokolo argiak eta giza baliabide eta baliabide tekniko nahikoak dira oinarrizko elementuak eta, tamalez, Foru Aldundiak ez du norabide honetan behar beste ardura hartu».