AKTUALITATEA


| 2021-05-25 08:57:00

EH Bilduk mozio bat erregistratu du Eusko Legebiltzarrean eta Arabako Batzar Nagusietan, Eusko Jaurlaritzari eskatuz, Arabako Parke Teknologikoa sozietatearen bidez, EHUrekin akordio bat egin dezala azken horri aldi baterako lagatzeko Miñaon dagoen Marie Curie eraikinaren erabilera. Halaber, barruko instalazioak ere lagatzeko eskatu du mozioan, haize-tunela barne, jarduera akademikoak, irakaskuntzakoak eta ikerkuntzakoak egin ahal izateko, batez ere automobilgintzaren, aeronautikareneta energia berriztagarrien sektoreetan.

Iker Casanova legebiltzarkideak eta June Mugica batzarkideak gogorarazi dutenez, Epsilon enpresak lasterketa talde bat sortu nahi izan zuen, diru publikoa jaso zuen horretarako eta, azkenean, proiektuak porrot egin zuen, zorrak atzean utzita. Inbertsioa oso gogorra izan zen, Marie Curie eraikinaren barruan tresna berezi bat eraikiz: haizearen tunela.

Munduan horrelako makina gutxi daude, eta proiektuaren inbertsio nagusia izan zen. Horregatik, EH Bilduk eskatu dio Eusko Jaurlaritzari eskatu diezaiola EHUri haize-tunela erabiltzeko proiektu bat enkargatzeko, ikasketa- eta ikerketa-erabilera eta merkataritza-jarduera bateragarri egiteko, jardueraren balizko etekin ekonomikoek kutxa publikoetan eragina izan dezaten irizpide bat ezarriz.

Epsilonen porrotaren ondoren, Arabako Parke Teknologikoak bere gain hartu zuen enpresaren zorra, Marie Curie eraikinaren jabe eginez. Hortik aurrera, eraikina hutsik egon da eta haizearen tunelaren egitura eta softwarea zaharkituta geratu dira. "Litekeena da EHUk haize-tunelaren hardwarea eta softwarea eguneratzea, instalazioa berriz martxan jartzeko eta ikerketa jardueretarako erabiltzea eskaintzeko, eta unibertsitateari horretarako beharrezkoak diren funtsak emateko", esan du Casanovak.

Eusko Jaurlaritzak Marie Curie eraikinaren birmoldaketa iragarri duen arren, ez du haizearen tunelari buruzko azalpenik eman, eta ez dirudi horretarako planteamendu integrala duenik. Aitzitik, EHUko irakasle talde batek proposamen bat aurkeztu du haizearen tunela eta eraikina osorik erabiltzeko. Pertsona horiek modu egokian aurreikusten dituzte egin beharreko inbertsioak eta egokitzapenak, eta haize-tunelaren erabilera akademiko, sozial eta ekonomiko egokia planteatzen dute. Hori dela eta, EH Bilduk proposatu du Eusko Jaurlaritzak hitzarmen honetarako 5 urteko iraupena ezartzea, EHUk haize-tunela eta instalazioen zati bat erabili ahal izateko. Hitzarmenaren indarraldia igaro ondoren, eraikinean egindako jardueraren ebaluazioa egingo da, eta, egokitzat joz gero, lagapen mugagabea egiteko aukera baloratuko da. Eraikinaren tamaina dela eta, EHUren jarduera bateragarria izan liteke eraikinaren zati batzuk bertan finkatu nahi duten enpresei alokatzearekin. Azkenik, EH Bilduk Eusko Jaurlaritzari eskatu dio ez dezala gauzatu Marie Curie eraikina eraberritzeko 2021eko aurrekontuetan ezarritako partida, harik eta hitzarmena sinatu arte.

"Eraikin hau hutsik mantentzea baliabide publikoen erabilera desegokia da. Administrazioak jasaten ari garen diru publikoaren galera geldiarazteko eta daukagun azpiegitura horri balioa emateko unea da", adierazi du Mugicak.