EAJren, PSEren eta PPren arteko itunak bertan behera utzi ditu orain dela urtebete adostutako hobekuntza handi guztiak, ganberaren % 75en adostasuna zutenak
Besteak beste, prestakuntza, administrazioko langileak eta izapideak errazteko leihatila bakarra ematen zizkien
Araba. 2026-07-06 | EH Bilduk ohartarazi du EAJren, PSEren eta PPren arteko aliantzak, Kontzejuen Foru Arau berriari dagokionez, ez duela egungo araua «inolaz ere» hobetuko, eta kontzejuak «beren kabuz administratzeko gaitasunik ez duten erakunde adingabe» gisa tratatzea ahalbidetuko duela. Duela urtebete EAJk eta EH Bilduk lortutako itunean agertzen ziren «hobekuntza nabarmenen aurka» bozkatu dute hiru alderdiek. «Hogeita hamar urte geroago, Arabako Batzar Nagusiek aukera handia galdu dute».
EH Bilduk gogorarazi du duela bi hilabete kontzejuen foru arau baten tramitazioa bultzatu zuela «arduragatik». «Toki-erakunde horien jarduera hobetzen zuen araua zen, besteak beste, prestakuntza, administrazioko langileak eta izapideak errazteko leihatila bakarra ematen zielako. Orain badakigu zergatik Foru Gobernuak uko egiten zion tramitazioari: kontzejuen funtsa aldatu nahi zuen eta bateraezintasunen erregimena malgutu, Arabako kontzejuen kontrol politikoari atea irekitzen dion aldaketa», zehaztu du Javier Argote EH Bilduko prokuradoreak.
EH Bilduk salatu du arau berriak ez duela laguntzen herrietako euskarazko nomenklatura normalizatzen, eta, beraz, ez duela euskara Arabako ondare historiko eta kultural gisa onartzen. «Toponimia ere oroimen kolektiboa da, eta nortasuna eraikitzen du. Eta uste dugu Arabako erakundeek normalizatzen lagundu behar dutela», adierazi dute.
Egoera horren aurrean, EH Bilduk uste du aldaketa oso larria egin dela, eta erakunde horientzat kapitulu ilunago bat zabaltzen duela. «Gaur argi geratu da EAJ-PP-PSE blokearentzat kontzejuak osagarri hutsak direla, exotikoa, Arabako folklorea. Gainera, ez dute ezkutatzen kontzejuak kontrolatu eta erabiltzeko interes alderdikoia dutela. Kontzeju otzanak nahi dituzte, eta hori ezinezkoa denez, erabaki dute kontzeju menderatuak izatea, beste administrazio batzuen mendekoak, behar bezala funtziona dezaten, foru-arau honen ardatz nagusietako bat kenduz: kontzejuei beren kabuz administratzeko baliabideak emango dizkien administrazio-egitura propio baten finantzaketa».
EH Bilduk iragarri du lanean jarraituko duela egoera horri buelta emateko, eta, horregatik, hurrengo osoko bilkuran zuzenketak defendatuko ditu kontzejuen kontrol alderdikoia saihesteko, administrazio langile propioak izan ditzaten bultzatzeko, Arabako Foru Aldundiarekin leihatila bakarra izateko eta Gobernu Ona Behatzeko eta Desadostasunak Konpontzeko Organo bat sortzeko.