Azarotik hona EH Bildu negoziazioan aritu da Laudio Udaleko gainerako alderdiekin, ahalik eta aurrekontu herrikoi eta eraikitzaileena lortze aldera. Lan horren ondorioa da Omniarekin aurrekontu akordioa izenpetu izana. Gauzak hala, eta 2024koetan zabaldutako negoziazio bidea berretsiz, 2025 urterako aurrekontuek Laudioko Osoko Bilkuraren gehiengo zabal baten sostengua izango dute. Eta helburu horri jarraiki, beste alderdiekin hitz egiten jarraituko du.
EH Bilduk adostasunak erdiesteko gogoa agertu du une oro negoziaketa prozesuan, eta asmo horren seinale izango dira negoziazio hartu-emanetan gainerako alderdiengandik, eta baita herriko eragileengandik ere, jasotako proposamenak aurrekontuan islatzeko egingo duen ahalegina. “Beste alderdien proposamenek aurrekontuak hobetzen dituztela sinistuta gaude. Izan ere, Laudioko benetako beharrei guztion artean erantzun beharra daukagu, laudioar guztion bizi-kalitatea era kolaboratiboan hobetu dezagun” baloratu du Ainize Gastakak alkateak.
Aurrekontuen izaera kolaboratiboan sakontzea, auzo batzar eta herritarren parte-hartzea sustatzen duten gainerako egiturak indartuz, eta egun martxan diren Antzokia, Lamuza sormen gunea edota Abastos plaza udal proiektu estrategikoen garapenerako bermeak ziurtatzea, izan dira EH Bilduk negoziaketa prozesuan mahaigaineratu dituen lan lerro nagusiak.
Aldi berean, Omniarekin batera amiantoaren desagerpenean lanean jarraituko dugu, hala nola, Herriko plazaren zoladura hobetzen edota Karmen kalea txukuntzen errekako ibaiaren obra ostean. Gainera, etxebizitza komunitarioen filosofian sakondu nahi da baita proiektu berriak abiatu ere: Santa Cruz Zubia edota Jesus Guridi.
Hortaz, aurrekontuak onartu bitartean zabalduko den prozesuan izenpetutako akordioek sortutako adostasun markoan sakontzeko prestutasuna agertu du EH Bilduk. “Aurrekontu proiektua onartu bitartean orain arte lortutako adostasun puntuetan sakontzeko prestutasun osoa dugu” adierazi du Ainize Gastakak.