AKTUALITATEA


| 2025-02-28 11:02:00

Arabako Batzar Nagusietan bederatzi zuzenketa partzial eta osoko zuzenketa bat erregistratu dituzte, helburu hartuta «gaiaren muinean sartzea eta gizarte gisa sortzen dugun aberastasuna birbanatzea»

Araba. 2025-02-28 | EH Bildu Araba batzarkide taldeak gaur erregistratu ditu EAJk eta PSEk proposatutako zerga-berrikuspenari egindako zuzenketak. Bederatzi zuzenketa partzial eta osoko zuzenketa bat dira, foru arauaren proiektua nabarmen hobetzeko, zerbitzu publikoei eutsi ahal izateko diru-bilketa hobetuta.

Eva Lopez de Arroyabe batzarkide taldeko bozeramaileak «kenkari distiratsu baina ez eraginkorren zerrenda» gisa kalifikatu du proposatutako berrikuspen fiskala, eta azaldu duenez, «Arabaren kasuan 40 milioi baino gehiago biltzeari utziko genioke, egiturazko arazoei aurre egin beharrean, egoera makillatzera mugatzen baita, sakonekoa konpondu gabe».

«Egungo egoera sozio-ekonomikoan, non merkatuen ziurgabetasuna areagotzen den eta industriak erakundeen bultzada beharko duen, non biztanleriaren zahartzearen aurrean zaintza-politika indartsuagoak beharko ditugun, Osakidetza indartsuagoa, non klima-aldaketaren aurrean egokitzapen-politika garrantzitsuak beharko ditugun, ezin dugu diru-bilketa murriztea onartu. Arduratsuak izan behar dugu, zerbitzu publikoei eustearen alde egin behar dugu eta etorkizunerako ikuspegiarekin jokatu», esan du Lopez de Arroyabek.

Oro har, EH Bilduk proposatu du PFEZn kapital-errentek lan-errentekiko duten pribilegiozko tratua ezabatzea, PFEZn tarte gehiago gehitzea progresiboagoa izateko edo enpresa handiek gutxieneko tasa bat ordaintzea lortzen dituzten mozkinetan oinarrituta.

Filosofia horren inguruan, Eva Lopez de Arroyabek berriro erakutsi du EH Bilduk akordioak lortzeko borondatea duela, eta osoko zuzenketa kentzeko prest ere agertu: «Europako herrialde aurreratuenetara begiratzeko unea da. Horretarako, dei egiten diegu EAJri eta PSEri: azken hilabeteotan ikusi dugun inprobisazioa eta anbizio falta zuzentzeko gonbidapena da hau. EH Bildu erreforma fiskal garrantzitsu bat negoziatzeko prest dago, eta hala balitz, osoko zuzenketa kentzeko».