AKTUALITATEA


| 2023-11-06 09:20:00

Etxegoien errekaren bidegurutzean eta Goiena eta Maskuribai kaleen arteko bidegurutzean oinezkoen eta txirrindularien joan-etorri segurua bermatzeko mozioa aurkeztu dute

Araba. 2023-11-06 | Amurrioko EH Bildu udal-taldeak azaroko osoko bilkuran eztabaidatzeko mozioa aurkeztu du, Maskuribai kalean oinezkoen eta txirrindularien segurtasuna bermatzeko.

Amurrioar askok Maskuribai kalea erabiltzen dute egunero, bai Maskuribaiko industrialdera joateko, bai El Refor kirol-gunera iristeko, bai aisialdirako. Kale horren erdian, adinekoen egoitzako eraikinaren eta oinezkoentzako gunearen hasieraren artean, bi puntu gatazkatsu daude: lehenengoa, Etxegoien erreka zeharkatzen duen zubiak sortutako estugunea da, zubiak espaloiaren jarraitutasuna eragozten baitu; bigarrena, berriz, Goiena kalea eta Maskuribai kaleko egokitu gabeko tartea lotzen dituen bidegurutzea da, "amaitu gabe" dagoenez, arazoak sortzen baititu oinezkoen, txirrindularien eta ibilgailu motordunen artean

Hori dela-eta, EH Bilduk oinezko, txirrindulari eta ibilgailu motordunen elkarbizitza segurua bermatzeko irtenbideak eskatu ditu mozio bidez. Mozioan, halaber, URA ur-agentziari eskatzen zaio behar beste laguntza eman dezala, maila teknikoan zein ekonomikoan, errekaren bidegurutzean eman daitezkeen irtenbideetarako.