Eusko Jaurlaritzak, Arabako eta Bizkaiko foru-aldundiekin batera, Aiaraldeko Plan Estrategikoaren Talde Eragilearen foroa antolatu du biharko, plan horren 2024ra arteko jarraipen-txostenen emaitzak aurkezteko. Hala ere, EH Bilduk salatu duenez, oraindik ez dute plan hori onartu.
Are gehiago, joan den maiatzean, Arabako Batzar Nagusiek ekimen bat onartu zuten. Bertan, Arabako Foru Aldundiari eta Eusko Jaurlaritzari eskatzen zitzaien Aiaraldea Eskualdeko Plan Estrategiko hori onartu behar zuen talde eragileari dei zezala, aldez aurretik kideei beharrezko informazioa helarazi ondoren eta haien ekarpenak kontuan hartuta, beharrezko jarraipen- eta gainbegiratze-mekanismoak ezarriz, Berehalako Plana eta Plan Estrategikoaren betetze-maila aztertzeko.
Eskualdeko Plan Estrategikoaren zirriborroa 2023koa da eta hartatik hona Aiaraldearen egoera nabarmen aldatu da, beraz, Arabako Batzar Nagusietan onartutako mozioak hau eguneratzea eskatzen zuen udalerrien ekarpenak kontuan hartuz eta horretarako behar den dokumentazioa bilera baino lehenago helaraziz
Baina azken hamar hilabeteetan ez da talde eragilea deitu, ezta plan estrategiko hori onartu ere. Hori dela eta, EH Bilduk uste du bilera hori ezjakintasunaren ondorio dela, edo, besterik gabe, lan egin duten eragile guztiekiko errespetu falta, eta Aiaraldeak etorkizunari berme eta inbertsioekin aurre egin ahal izateko plan bat eskatzen ari direla.