Aiaraldea biziberritzeko Berehalako Ekintza Plana (PAI) 2024an amaitu behar zen, baina gaur egun oraindik ez da bete
Araba. 2025-05-27 | EH Bildu Araba batzarkide taldeak Aiaraldea biziberritzeko Berehalako Ekintza Plana (PAI) ezartzeko eskaria eramango du biharko Batzar Nagusien osoko bilkurara.
Eva Lopez de Arroyabe batzarkide taldeko bozeramaileak aurkeztu du gaur mozioa, eta nabarmendu du EH Bilduk berak Aiaraldeko egoerari buruz Eusko Legebiltzarrean ponentzia bat egitea proposatu zuenetik, egoera ez dela asko aldatu: «Orduan esan genuen Laudioko langabezia-tasa % 13,45ekoa zela, eta Amurriokoa % 14,07koa. Bada, gaur egun Laudion 12,32koa da eta Amurrion 14,27koa. Ez dirudi, beraz, egoerak hobera egin duenik». Gainera, denbora tarte honetan Glavista edo Guardian bezalako enpresa handiak itxi dituztela gogorarazi du, «Aiaraldeko ehunka familia langabezian geratuz».
Lopez de Arroyabek PAIaren hainbat helburu aipatu ditu, gaur egun inplementatu gabe daudenak, hala nola Laudio Glass Hub-eko Aiaraldea beiraren sektorean erreferentzia nazionaleko eta nazioarteko hub gisa kokatzea edo Aiaraldea Industrial Lab-en startupak erakartzea, sortzea eta azeleratzea, bereziki industria-sektore nagusietan.
Hala, bihar eztabaidatuko den mozioan, EH Bilduk Aiaraldea Biziberritzeko Plana ezartzea eskatuko die Aldundiari eta Eusko Jaurlaritzari, eta PAIren funtsak «egingarriak diren ekimenetara» bideratzea, «ekimen horiek Aiaraldeko udalekin batera zehaztuz». Gainera, balorazio-txosten bat eskatuko dute, Aiaraldeko Berehalako Jarduketa Plana gauzatzeak eta hura ezartzeak eskualdeko ekonomian eta ongizatean izango dituen ondorioak jasotzeko.
EH Bilduk eskualdeko toki erakundeekin beharrezkoa den lankidetza azpimarratu nahi izan du, «udalak baitira ibarraren egoera sozioekonomikoa ondoen ezagutzen dutenak». «Eskualdetik bertatik esaten ari diren bezala, Aiaraldeko berehalako ekintza-plana amaigabeko ekintza-plan bihurtu da, eta Aiaraldeak ezin du gehiago itxaron».
«Hain zuzen ere, Aiaraldeak berehala jardutea behar du, eta hori da Arabako Foru Aldundiari eskatzen dioguna: Aiaraldea biziberritzeko ezarritakoa betetzea», ondorioztatu du Eva Lopez de Arroyabek.