AKTUALITATEA


| 2026-03-16 11:40:00

Batzar Nagusiek duela urtebete nekazaritzako elikagaien estrategia bat diseinatzeko eskatu zioten Aldundiari, baina Nekazaritza Sailak ez du bete ganberaren agindua

Araba. 2026-03-16 | EH Bildu Araba batzarkide taldeak zuzenean galdetuko dio nekazaritza diputatuari Batzar Nagusiek Foru Gobernuari agindutako estrategia agroalimentarioaz: 2015eko martxoaren 19an, Batzar Nagusiek mozio bat onartu zuten osoko bilkuran, Aldundiari eskatuz sei hilabeteko epean nekazaritzako elikagaien estrategia bat diseinatu zezala.

Eva Lopez de Arroyabe EH Bildu Araba batzarkide taldeko bozeramaileak azaldu duenez, ordutik igaro den urtean ez dute estrategia horren berririk izan. «Egun hartan akordio on bat lortu genuen, Foru Gobernuari eskatzeko, 6 hilabeteko epean, nekazaritzako elikagaien tokiko estrategia jasangarri bat aurkez zezala lurraldearentzat. Bada, 12 hilabete igaro dira, eta gaur egun ez dago halako estrategiarik, eta okerragoa dena ez dugu espero».

Horrekin batera, Arabako Elikadura Kontseilua sortzeko ere eskatu zitzaion Aldundiari, lehen sektorearekin komunikatzeko eta koordinatzeko formula gisa, «ziur baikaude gobernantza kolaboratiboa eta sektorearekin harreman estua duena arrakasta-faktore bat dela, are gehiago Aldundia denboraren poderioz areagotzen diren arazoei aurre egiteko gai ez dela ikusten ari garenean», adierazi du Lopez de Arroyabek.

Bozeramailea oso kritiko agertu da sailaren eta Aldundiaren beraren gelditasunarekin, ez bakarrik gobernantza-ereduagatik, baita nekazaritzako elikagaien politiken norabide faltagatik ere. «Tristea da ikustea nola geldirik eta ekimenik gabe dagoen sail bat ez den gai konponbideak proposatzeko, eta areago, gainerakoen proposamen errealisten eta gauzagarrien aurrean entzungor egiten duela».

Egoera horren aurrean, EH Bilduk Noemi Agirre diputatuari galdetuko dio «Batzar Nagusiek duela urtebete agindu zioten eta duela 6 hilabete baino gehiago aurkeztu behar zuen nekazaritzako elikagaien tokiko estrategia jasangarriaz. Halaber, jakin nahi dugu zergatik ez duen inolako asmorik gobernantza kolaboratiboan aurrera egiteko, eta, horretarako, zergatik ez duen arlo horretako foru-politikak gidatuko dituen Nekazaritzako Elikagaien Kontseilua sortu».

«Geldi egotearen eta betikoa egiten jarraitzearen aurrean, EH Bildun ez gara begira geratuko, lurra lantzen gero eta esku gutxiago dagoenean eta gure gizartearen funtsezko zutabe baten gainbehera ikusten ari garenean», esan du Eva Lopez de Arroyabek.