AKTUALITATEA


| 2021-09-17 12:11:00

Araba. 2021-09-17 | LABIk hartutako neurri berriak ezagutu ondoren, EH Bilduk zenbait galdera erregistratu ditu Arabako Biltzar Nagusien Kontrol Osoko Bilkurarako. Claudia Venceslao prokuradorearen ustez, bada garaia Arabako adinekoen eta desgaitasuna duten pertsonen egoitza-zentroetako bisitak eta irteerak arautzen dituen azken Foru Agindua berrikusteko.

Batzarkide taldearen arabera, berrikuspen hori berehala egin beharko litzateke, eta funtsezko bi alderditan oinarritu beharko litzateke: egoitza-zentroetan bizi diren pertsonen ongizate emozionalari lehentasuna ematea –egoitzetan bizi diren pertsonen bizimodu normalizatua ahalbidetuz– eta kudeaketa pribatuko egoitzetan bizi diren pertsonek eta foru-egoitzetan bizi direnek eskubide berberak dituztela bermatzea.

"Aldundia da adinekoak eta dibertsitate funtzionala duten pertsonak zaintzeko eta artatzeko arduradun nagusia eta, beraz, ez luke mugatu behar eskubideak 'gomendatzera'; eskubide horiek defendatu, exijitu eta bermatu behar ditu. Ez da onargarria zentro pribatu batean bizi diren pertsona batek ez izatea zentro publiko batean bizi den baten irteera kopuru bera izatea", adierazi du Venceslaok. Gogorarazi du familiek eta sindikatuek EH Bilduri ohartarazi diotela zenbait zentro pribatuk Foru Agindu hori gehienekoak ezartzen dituen arau gisa hartzen dutela, gutxienekoak ezarri beharrean: "Egoitza bateko bisitak eta irteerak ezin dira inoiz egoitza-zentroetako zuzendaritzen ausazko borondatearen mende egon".

 

Bestalde, EH Bilduren ustez, COVID-19aren kontingentzia-protokoloak eta -planak berrikusi behar dira, eta bereziki egoiliarren isolamenduak definitzen dituzten puntuak: "Ondo baino hobeto dakigu isolamendu horiek dakarten narriadura fisiko, mental, kognitibo eta emozionala".

 

"Birusa egoitzetan sartzeari aurre egitea lehentasuna da administrazioentzat, baina borroka hori plantillak indartzera, egoitzetako azpiegituretan inbertsioak egitera eta ikuskapenak areagotzera bideratu beharko litzateke, segurtasun-protokoloak behar bezala betetzen direla bermatzeko. Isolamenduak, itxialdiak eta irteera eta bisiten murrizketak koronabirusaren aurkako azken neurriak izan beharko lirateke, erabiltzaileen osasun mentala eta ongizate emozionala bermatzeak osasun fisikoa ziurtatzeak adinako garrantzia izan behar duelako", adierazi du Venceslaok.