AKTUALITATEA


| 2026-08-11 08:23:00

Arabako Foru Aldundiak lehen aldiz hartuko du bere gain gizarte-bazterkeria jasaten duten pertsonentzako gaueko arreta. Oraindik ez da publiko egin non egongo den zerbitzu hori, baina Foru Aldundiak dagoeneko lizitatu ditu itunpeko 14 plaza pertsona horiei gauez arreta emateko. Baina EH Bilduk salatu duenez, zerbitzu horrek gabezia larriak izango ditu.

Lehenik eta behin, nabarmendu du soilik gizonentzat izango dela, nahiz eta itxarote-zerrendan emakumeak egon eta gizarte-zerbitzuen balorazioen zain emakumeak ere egon. Izan ere, Gasteiz da kalean emakume gehien dituen euskal hiriburua. "Ez dugu ulertzen baliabide berri hau nola sortuko den emakumeak baztertuz, are gehiago Gizarte Zerbitzuen II. Mapan aurreikusitako zerbitzuaren fitxak berak ezartzen ez duenean baliabide maskulinoa soilik izan behar denik", nabarmendu du Claudia Venceslao EH Bilduko prokuradoreak.

Bigarrenik, EH Bilduk uste du arretarako ordutegia ez dela nahikoa, 20:00etatik 09:00etara emango baitu zerbitzua astelehenetik ostiralera eta 10:00ak arte asteburuetan eta jaiegunetan. Baliabide berri honetarako aurreikusitako ordutegiak ez du bermatzen Berrasi Eguneko Zentroaren funtzionamenduarekin behar adinako jarraitutasuna, eta estaldurarik gabeko ordu-tarteak sortzen dira bereziki kalteberak diren pertsonentzat. Azkenik, EH Bilduk salatu du ez dela gizarte-langile baten figura aintzat hartzen, Gasteizen dauden antzeko beste baliabide batzuk ez bezala, eta zuzeneko arreta-ratioak ezartzen dituela, aldi bereko gorabeherei edo konplexutasun bereziko egoerei erantzuteko nahikoak izan ez daitezkeenak.

Gabezia horiek guztiak konpontzeko, EH Bilduk ekimen bat erregistratu du Arabako Batzar Nagusietan, emakumeak artatzeko eta emakumeentzako espazio seguruak uneoro bermatzeko, funtzionamendu-ordutegia berrikusteko eta gizarte-langilearen figura giza taldean sartzeko eskatuz. "Gaueko arretarako zentro berri hau martxan jartzea aukera bat da kolektibo izugarri kaltebera baten arretan aurrera egiteko; horregatik, beharrezkoa da zentro berri hori lehenbailehen martxan jartzea, baina gabeziarik gabe, eta gizarte-bazterkeriako egoeran dauden pertsonei kalitatez eta duintasunez erantzungo dien zerbitzua bermatuz", amaitu du Venceslaok.