AKTUALITATEA


| 2026-09-08 07:28:00

Gaitasun handiko errepideak ahalik eta hobekien mantentzea eta garraio publikoa sustatzea ahalbidetuko duen finantzaketa-esparru egonkor bat lortzeko helburuarekin, proposamen sorta bat aurkeztu dio Foru Gobernuari

Araba. 2026-09-08. Datorren azaroaren 11n, Arabako Foru Aldundiak bere gain hartuko du AP-68aren kudeaketa, baina oraindik ez du gaitasun handiko bideen tarifak erregulatzen dituen araudirik. Hori dela eta, gaur egingo den Batzar Nagusietako lehen Mahaian, Foru Gobernuak foru araua premiaz izapidetzea eskatu du. EH Bilduk eskaera hori bermatuko du, errepideak ahalik eta hobekien mantentzea bermatuko duen finantzaketa-esparru egonkor bat garaiz lortzea errazteko. Bestela, oso zaila izango litzateke egungo lagapena bertan behera utzi aurretik araua onartua izatea.

Zentzu horretan, EH Bilduk gogorarazi du 2022ko ekainean Gaitasun Handiko Bideen Ponentziaren ondorioak onartu zirenetik lau urte igaro direla Foru Gobernuak foru arauaren proiektua aurkezteko denbora nahikoa izan duela. Hala ere, Foru Gobernuak legegintzaldi osoa pasatzen utzi du eta etxeko lanak azken orduan egitea erabaki duela egiaztatu da, eta horrek akordioak lortzeko epeak laburtzen ditu.

Hala ere, erantzukizunez jokatuz, EH Bilduk bermatuko du premiaz izapidetzea, eta, gainera, Foru Gobernuak egindako proposamenaren aurrean, EH Bilduk proposamen sorta bat helarazi dio gobernu taldeari. Proposamen horiek helburu hirukoitza dute: batetik, gaitasun handiko bideen finantzaketa-esparru egonkorra bermatzea, eta, bestetik, arabarrentzako ibilbideak merkatzea, egunero bide horietara jo behar baitute. Azkenik, diru-sarrera berriek garraio publikoa bultzatzen laguntzea. Gainera, tarifak bateratzea eta errenta irizpideak aplikatzea ahalbidetuko duen sistema berri bat bultzatu nahi du EH Bilduk.