Aguraingo Udalak amaitutzat eman ditu amiantoa duten instalazio eta eraikinen inbentarioa egiteko lanak. Bureau Veritas enpresa espezializatuak egindako lanaren arabera, aztertutako 1235 kokapen publiko eta pribatuetatik 133k amiantoa duten elementuak dituzte. Oinarrizko errolda hori "EAEko amiantoaren udal-erroldak egiteko gida metodologikoa" izeneko IHOBEren gidako jarraibideei jarraituz egin da.
Errolda honetako titulartasun publikoko kokalekuei dagokienez, aztertutako 34 kokalekuetatik 7k dute amiantoa duen elementuren bat. Kasu honetan, errolda zehatzagoa egin da, UNE 171370-2 arauaren arabera ikuskatutako 34 eraikin publikoetako bakoitzaren txosten xehatuetan oinarrituta.
Hemendik aurrera, eraikin publikoetatik amiantoa kentzeko plana jarriko da abian. Txostenaren ondorioen arabera, 150.000 euro inguruko inbertsio publikoa egin beharko da, eta 2028rako guztiz erretiratzea aurreikusten da.
Aguraingo alkate Raúl López de Uraldek dioen bezala, "datozen asteetan amiantoa erretiratzen hasiko gara, eta, horretarako, 100.000 euroko aurrekontu-partida aurreikusi dugu; horrela, hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legean xedatutakoa beteko dugu".