EH Bilduk bultzatuta, Okondoko Udalak etxebizitza bat birgaituko du alokairu sozialerako. Horrela onartu zuen atzoko Okondoko osoko bilkurak. Irabien kaleko 3. zenbakian dagoen 85 metro karratuko etxebizitza da. Udalak du etxearen jabegoa eta 80.000 bat euroko inbertsioa aurreikusten du etxebizitzaren birgaitze integrala egiteko. Udalak Arabako Foru Aldundiaren diru-laguntza jasotzea espero du eta horretarako Araba(n) Bizi Bedi programaren deialdirako eskaera egin du Okondoko Udalak.
“Etxebizitzari soluzioak bilatzea eta erakunde guzietatik erantzunak bilatzea da gure erronka. Zentzu horretan Okondon abian jarri ditugu hainbat ekimen, adibidez, baserriak bi etxebizitzatan edo gehiagotan zatikatzeko Udal Hirigintza Araudia aldatzea proposamena edota babestutako baserrien katalogoa. Horrez gain, EH Bilduk Arabako Foru Gobernuaren aurrekontuen akordioari esker, diru-laguntza lerro bat zabaldu da eta horrek lagunduko gaitu Okondon proiektua finantzatzeko”, nabarmendu du Joseba Ruiz EH Bilduren udal taldeko bozeramaileak.