Aguraingo Udalak bere kezka adierazi du paper eta kartoia biltzeko zerbitzuarekin. Izan ere, duela urtebete baino gehiagotik zerbitzu hori oso modu “eskasean” garatu da eta udan enpresa aldatu zenetik zerbituak nabarmen egin du okerrera. Hori dela eta, atzo Aguraingo Osoko Bilkurak Arabako Foru Aldundiari eskatu zion bere erantzukizuna bere gain har dezala eta beharrezko neurriak har ditzala zerbitzu hori Aguraingo udalerrian behar bezala gara dadin.
Izan ere, une honetan Udalak ez daki zein maiztasun, egun eta zonaldetan garatu behar den zerbitzua Aldundiak ez duelako inolako erantzunik ematen. Eta arazoek jarraitzen duten bitartean, Udalak bere baliabide propioak erabiltzen ari da edukiontziak garbitzeko eta lurrean uzten diren kartoiak jasotzeko.
“kexa ugari jaso ditugu Udaletxean eta zerbitzuak behar bezala ez bermatzeak kalte ugari egiten dizkio gure Udalerriari. Orain arte ez dugu informazio nahikorik jaso eta elkarrizketa arin eta iraunkorra eskatzen diogu Foru Aldundiari arazoak konpontzeko eta funtsezkoa den zerbitzu hau bermatzeko”, azaldu du Raul Lopez de Uralde Aguraingo alkateak.
Paper eta kartoiaren edukiontziak biltzeko zerbitzua udalaren eskumena bada ere, 2004an hitzarmen bat sinatu zen Arabako Foru Aldundiarekin instituzio horrek bere zerbitzuaren ardura har dezan. Eta ordutik hona Arabako Foru Aldundiak kudeatzen du zerbitzua eta berari dagokio zerbitzua modu egokian betetzen dela ziurtatzeko ardura.