AKTUALITATEA


| 2022-11-21 13:30:00

EH Bilduk azkartasuna, gardentasuna eta parte hartzea eskatu die inplikatutako erakundeei (Eusko Jaurlaritza eta Arabako Foru Aldundia), Aiaraldea suspertzeko beharrezkoa den eskualdeko plan estrategikoa egiteko. Eskualdeko EH Bilduko ordezkariek gogorarazi dutenez, irailean aurkeztu behar zuten plan estrategiko hori, baina ez dago horren inguruko berririk. “Aiaraldeak pairatzen dituen arazo guztiei irtenbidea emango dien plana izan behar du, azken batean, gure eskualdearen etorkizuna markatuko duen dokumentua. Gainera, eragile eta erakunde guztiek parte hartuko duten plan partekatua izan behar du, eta ez da horrela izaten ari” ziurtatu dute.

Gogorarazi dutenez, Aiaraldeak Eusko Legebiltzarrean egindako ponentziaren ondorioak argiak izan ziren, eta Aiaraldeak lehenbailehen suspertze sozioekonomikoa behar duela zehaztu zen. Hala ere, badirudi ondorio horiek ahaztuta geratu direla eta zerikusi gutxi dutela benetan egiten ari direnekin. Ildo horretan, nabarmendu dute Berehalako Jarduera Planaren epeak ez direla betetzen ari, Plana 2022an hasi behar baitzen gauzatzen, baina ez da hala izaten ari. Gainera, Arabako Foru Aldundiak 2022ko martxoan aurkeztu zituen 30 ekimenetatik asko eta asko oraindik ez dira amaitu, eta abian jarri direnak aldaketekin izan dira.

“Gure buruari galdetzen diogu ea proiektuek bat egiten duten eskualdeko suspertze sozioekonomikoarekin eta enplegu-sorrerarekin. Zeintzuk dira oraingo eta etorkizuneko apustuak? Ez ditugu ezagutzen. Aurrera egiten ari al da Aiaraldearen deskarbonizazioan eta ahaleginak bideratzen ekonomia zirkularreko eta menpekotasun gutxiagoa duen eredu ekonomikoa eraikitzeko? Ez. Gizarteak dituen behar berriei erantzungo dion zerbitzuen bilakaera sustatzen ari al da? Ez.”, ondorioztatu dute.