AKTUALITATEA


| 2021-06-18 13:13:00

EH Bildu Arabaren ustez, Osasun Sailak Laudion osasun-zentro berri bat eraikitzeko erabakia norabide onean doa, Airaldea eskualdeko herritarrei osasun-arreta publikoa, integrala eta kalitatezkoa bermatzeko. Hain zuzen, EH Bilduk duela lau urte proposatu zuen eskualdeko ospitale bat sortzea. EH Bilduren proposamenaren arabera, zentro horrek zerbitzu hauek izan behar ditu: gaixo kronikoentzako gune bat, 24 orduko larrialdi-zerbitzua, larrialdi pediatrikoak barne, eta espezialitate ohikoenak, hala nola traumatologia, ginekologia eta barne-medikuntza. Osakidetzak ezarritako irizpideen arabera, 40.000 biztanle ingururekin, Aiaraldeak ezaugarri horietako oinarrizko zerbitzua izan beharko luke, Galdakaora joan beharrean, gaur egun bezala.

 

Atzo aurkeztu zen eskualdean osasun zentro berri bat sortzeko proiektuak 2.000 metro karratu izango ditu eta 11 milioi euroko inbertsioa. Zein zerbitzu eskainiko dituen zehaztu ez den arren, osasun mentalaren arreta barne hartuko dela aurreratu da, baita orain eskaintzen ez diren etxez etxeko ospitale unitate bat edota erradiologia zerbitzuak ere. Badirudi erabat baztertu dela ohiko ospitalizazioa. Horregatik, arreta integrala bermatzeko lanean jarraituko duela aurreratu du EH Bilduk.

 

Ildo horretatik, Next Generation Europako funtsen bidez finantzatu beharreko proiektuen esparruan, EH Bilduk 31 milioi euroko inbertsioak egiteko proposamena egin zuen Airaldea eskualderako. Inbertsio horien artean, eskualdeko ospitalea eraikitzeko 10 milioi erabiltzea proposatu zen. Testuinguru horretan, EH Bilduren ustez, azterketa sakona egin behar da, egungo osasun-ibilbidearen azterketatik abiatuta eta herritarren parte-hartzearekin, zentro horrek hartu beharreko zerbitzuak zehazteko.