AKTUALITATEA


| 2026-01-21 11:33:00

Paper eta kartoiaren edukiontziak biltzea udalen eskumena da, baina 2004an hitzarmen bat sinatu zen Arabako Foru Aldundiarekin, azken horrek zerbitzuaren ardura bere gain har zezan. Eta ordutik hona hala izan da, Arabako Foru Aldundiak kontratatzen du zerbitzu hori eta berari dagokio zerbitzua modu egokian betetzen dela ziurtatzeko ardura.

Bi urte dira zerbitzua oso modu eskasean garatzen ari dela, eta kalte handia eragiten ari die Arabako udalerri guztiei. Egoera honen aurrean, iazko udaberrian, Aldundiak Udalei jakinarazi zigun enpresak lan-arazoak zituela langileekin eta harekin harremanetan zeudela.

Hilabete batzuk beranduago, 2025eko abuztuan, jakin izan genuen Arabako Foru Aldundiak beste enpresa bati egin ziola kontratuaren lagapena eta prentsara eginiko adierazpen ezberdinetan amaitutzat eman zuten arazoa.

Hala ere, enpresa berria sartu zenetik 6 hilabete pasa diren honetan zerbitzuak nabarmen egin du okerrera. Gainera, kontuan izan behar da, zerbitzuarekin izandako arazoek jarraitzen duten bitartean, Udalek baliabide propioak erabiltzen dituztela edukiontziak garbitzeko eta lurrean uzten diren kartoiak jasotzeko. Bien bitartean, etengabean gure herritarren kexak jasotzen ari gara gure herrietan.

Nahiz eta sarritan Foru Aldundiari informazioa eskatu, Arabako Udalok gaur gaurkoz ez dakigu zein maiztasun, egun eta zonaldetan garatu behar den zerbitzu hau, Arabako Foru Aldundiak ez digu inolako informaziorik helarazten.

Atzo alkate batzuk Ekonomiaren Garapen eta Berrikuntzako foru diputatuarekin bildu ziren korrika eta presaka deitutako bilera batean. Bertan egondako alkateen esanetan Foru Aldundiak ukatu egin zuen arazoren bat dagoenik, eta kexak oso puntualak diren aparteko arazoen ondorio direla ziurtatu zuten. Gainera, ziurtatu dute datozen hilabeteetan zerbitzua hobetu egingo dela, edukiontzi eta biltzeko kamioi berriak iritsiko direla. Baina promesa horiek abuztuan ere egin zituzten eta 6 hilabete pasa ostean ez dira bete. Zeintzuk dira Foru Aldundiak promesa hauek betetzeko jarriko dituen bermeak? Ez dakigu.

Gauzak horrela, azpian sinatzen dugun Kuadrilla presidente eta Alkateek honakoa eskatzen diogu Arabako Foru Aldundiari:

1.- Bere erantzukizuna bere gain har dezala eta beharrezko neurriak har ditzala zerbitzu hori gure udalerrietan behar bezala garatu dadin.

2.- Udalekin elkarrizketa arin eta iraunkorra izan dezala, zerbitzuaren egoerari eta garapenari buruzko informazio eguneratua emateko.

3.- Zerbitzua aurrera eramateko gaitasunik izan ezean kudeaketaren deszentralizazio prozesu bat egiten laguntzea, kuadrillen esku geratu dadin zerbitzua.