Eva Lopez de Arroyabe: «Sektore horrek pertsonen ongizatea eta interes kolektiboa lehenesten ditu irabazi ekonomikoen gainetik, eta esparru juridiko propioa izateak indartu egingo du eta onurak ekarriko dizkio»
Araba. 2026-10-20 | EH Bilduk foru arau proposamena aurkeztu du Arabako Batzar Nagusietan, Araban ekonomia soziala arautzeko eta, batez ere, sustatzeko. Lurralde historikoak ez du berariazko araudirik formula horretarako, gorantz doan ekoizpen-sistemaren hanka bat izan arren. Kooperatibismoaz haratago, gizarte-ekonomiak lan-sozietateak, elkarteak, fundazioak, gizarte-ekimeneko enplegu-zentro bereziak, laneratzeko enpresak eta gizarte-ekonomiako beste formula batzuk biltzen ditu.
«Egungo egoera sozioekonomikoan, botere publikoek egungo erronkei erantzun berritzaileak eman behar dizkietela uste dugu. Eta esparru juridiko-normatibo propioa izateak sektorea indartu eta onurak ekarriko ditu. Gizarte-ekonomiak lehentasuna ematen dielako pertsonen ongizateari eta interes kolektiboari, irabazi ekonomikoen gainetik. Eta gaur egun bizi dugun egoeran, ez da gutxi», nabarmendu du Eva Lopez de Arroyabek EH Bildu Araba batzarkide taldearen bozeramaileak.
Ekonomia sozialaren abantaila nagusien artean daude kudeaketa demokratikoagoa eta parte-hartzaileagoa, pertsonetan oinarritutako erabakiak, eta ez kapitalean oinarritutakoak, lanpostu egonkorragoak eta duinagoak sortzea, lana, familia eta zaintza lanak bateragarri egiteko erraztasun gehiago, eta lurraldearen errotzea eta ekonomia sustatzea. Gainera, erresilientzia handiagoa dute krisialdi ekonomikoen aurrean.
Foru-arauan planteatzen da, bestek beste, erakunde horien katalogoa eta Gizarte Ekonomiaren Kontseilua eta sektorea koordinatu eta sustatuko duen merkatua sortzea. Horrekin batera, gizarte-ekonomiako ekimenak erraztu eta babestuko dira, kontratazioa arduratsua erabiliz eta klausula sozialak edo merkatu-erreserbak aplikatuz.
EH Bildu Arabak iragarri duenez, dagoeneko Araban lan egiten duten Ekonomia Sozialaren sektoreko eragile eta enpresekin bilera sorta hasiko du, ekimena aurkeztu eta euren ekarpenak jasotzeko.