Araba. 2023-07-06 | EH Bildu Araba batzarkide-taldeak Arabako Ahaldun Nagusiaren presazko agerraldia eskatu du, Amaia Barredo Natur Inguruneko diputatu izendatu berria prebarikazio-ikerketa batean nahastuta dagoela jakin ondoren.
EH Bildu batzarkide-taldearen bozeramaile Eva Lopez de Arroyabek adierazi du ulergaitza dela halako izendapen bat egitea eta ez jakitea Ingurumeneko diputatu izendatu berria ikertzen ari zirela. «Oso albiste kezkagarria da, eta legealdia hasteko modu ezin txarragoa», esan du Lopez de Arroyabek.
EH Bilduk zalantzan jarri du, halaber, Nekazaritza Saila beste hainbatekin batera bildu izana departamentu berri batean, «lurraldearentzat funtsezkoa den sektore hori gutxietsiz».
«Zaila egiten zaigu ulertzea egoera horretan dagoen pertsona bat Jasangarritasun, Nekazaritza eta Natur Ingurunearen Saileko Arabako Foru Diputatu izendatu izana eta, are zailagoa, Arabako EAJk eta Ramiro Gonzalezek haren egoeraren berri ez izatea», adierazi du bozeramaileak.
Gobernantza eredua
Ildo horretan, EAJren gobernantza eredua ekarri du gogora Lopez de Arroyabek: gertakari horrek «askotan salatu dugunera garamatza: inposaketan, nagusitasunean eta klientelismoan oinarritutako gobernantza-eredu horretara, nahi bezala egin eta desegiteko berme nahikoa dutela pentsatzera eramaten baititu».
Horregatik, Ramiro Gonzalez ahaldun nagusiaren presazko agerraldia eskatu du EH Bilduk, azalpenak eman ditzan, Amaia Barredoren izendapenaren arduradun nagusi gisa.