AKTUALITATEA


| 2021-04-08 09:39:00

EH Bilduk Arabako Foru Aldundiari eskatu dio Arabako kontzejuei administrazio elektronikoa ezartzeko behar diren baliabideak eman diezazkiela. Hala eskatu du hurrengo Lurralde Orekako Batzordean eztabaidatuko den mozio batean.

 

2015ean onartu zen Administrazio Prozedurari buruzko Legeak administrazio elektronikoa ezartzeko metodoak eta epeak jasotzen zituen. Hainbat luzapenen ondoren, administrazio publiko guztiek erregistro elektroniko orokor bat izan beharko zutela ezarri zen, edo, bestela, beste plataforma edo erregistro batzuetara atxiki. Hori dena 2021eko apirilaren 2a baino lehen.

 

Baina kontua da Arabako kontzejuentzat gaur egun ezinezkoa dela lege hori betetzea. Izan ere, pertsona bakoitzak –legean aurreikusitako salbuespenak salbuespen– administrazioarekin nola erlazionatu nahi duen aukera dezake, eta horretarako, besteak beste, edozein erregistro elektronikotara jo dezake. Horrek esan nahi du administrazio guztietako erregistro elektronikoek elkarreragingarriak izan behar dutela, komunikazioa, bateragarritasun informatikoa eta interkonexioa dokumentu guztien transmisio telematikoa bermatzeko.

 

Hori gutxi balitz, Administrazioak pertsona juridikoak behartu ditzake nahitaez administrazioarekin elektronikoki harremanak izatera. Horien artean daude elkargoko kideak edota administrazio publikoetako langileak.

 

Baina kontua da Arabako 355 kontzejuentzat “ezinezkoa” dela une honetan legea betetzea. “Duen tamainagatik eta jarduteko ohiko moduagatik, ezinezkoa da administrazio elektronikoa ezartzea, izan ere, gehienetan ez dute ezta web gunea ere.  Hori dela eta, uste dugu Arabako Foru Aldundiak eman behar dizkiela baliabideak toki-erakunde horiei gure lurraldearen digitalizazioan aurrera egiteko, baita Arabako landa-eremuan ere”, nabarmendu du EH Bilduko Javier Argotek.